Irailaren hasieran %1,85ean zen Euriborra, eta asteazken honetan, %2,4tik gora kokatu da eguneko tasa. Euribordiario.es atariak gogora ekarri duenez, 2009ko urtarriletik ez zen halako mailarik ikusten Euroguneko maileguen prezioan. Gainera, Amerikako Estatu Batuetako Erreserba Federalak eta Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak igo izanaren efektuak ikusteke daude oraindik.
Espainiako Estatuko hipoteka aldakor gehienek erreferentziatzat duten indizea %2,416ra heldu da asteazken honetan, eta horrek iraileko behin-behineko batez bestekoa %2,083an kokatzen du, abuztuko %1,25aren oso gainetik. Interes-tasen hazkundearen ondorioz, ziurra da hipoteken prezioaren igoera. Ondorioz, urtean behin zenbatekoa eguneratzen duten 4,1 milioi hipoteka hilean 100 eurotik gora garestituko dira. Hipoteka aldakor horien baitan, are gehiago igoko dira puntu batetik gorako diferentzial handiak dituztenak.
"Garrantzitsuena da esperotakoa baino gehiago igoko direla tipoak, eta inork ez dakiela noraino igoko diren; benetan kontu serioa da hau, eta dagokien igoera guztiaren ondoren ere ez dakigu noiz jaitsiko diren berriz", aitortu dute Bankinterreko analistek. Ez da gutxiagorako, izan ere, indizeak 2009ko urtarriletik lehen aldiz gainditu du %2,4ko muga, 20 egun eskasetan 57 puntu igota.
Higiezinen merkatua izozten
Tasen igoerak kolpe latza eman dio berez unerik onenean ez zen etxebizitzaren merkatuari. Diruaren garestitzeak duela hilabete batzuetatik hona eragin dio hipoteken prezioari, baina sektoreko bestelako alderdi batzuetara ere zabaltzen ari da eragina; hala nola, etxebizitzaren eskarira, salerosketetara eta prezioetara. El Confidencial atariak "merkatuaren agortzearen lehen zantzuak" iragarri zituen hilaren hasieran, Espainiako Estatuan etxebizitzaren prezioa %0,8 jaitsi ostean.
"Are jaitsiera handiagoa espero da irail amaieran", iragarri dute higiezinen merkatua ikertzen duten adituek. Atlas aholkularitza-enpresak ohartarazi duenez, datorren urtean etxebizitzaren prezioak %0,9ko beherakada izan dezake, eta salerosketa kopurua %15,4ra jaitsiko da. Inflazioak, eraikuntzako prezioen gorakadak nahiz Euriborraren bilakaerak negozio horretan duten inpaktua hartu dute kalkuluaren oinarri modura. Elementu horiek kontuan hartuta, "dezelerazioa" iragarri du Tinsa higiezinen tasazio taldeak ere.
Langile familien erosahalmenaren murrizketak, soldaten hazkundearen gainetik dagoen inflazio gorakorrak, hazkunde ekonomiko txikiagoak erosleei eragindako konfiantza galerak eta hipotekak garestitzen dituen interes-tasen hazkundeak etxebizitza-eskariaren beherakada ekartzea espero da. EBZren kalkuluen arabera, hipoteken tasak ehuneko puntu bat gora eginez gero, etxebizitzen prezioak %5eraino jaitsi daitezke bi urteren ondoren, eta baliteke higiezinen inbertsioa %8raino murriztea. Are gehiago, prezioen gorabehera modu ez-linealean hartuta, %1eko igoera horren eragina biderkatu egin daiteke: etxebizitzen prezioa %9raino jaitsi daiteke bi urteren buruan, eta inbertsioa, berriz, %15.
Atlasen ikerketa horrek, zehazki, uste du Espainiako Estatuak 665.754 salerosketarekin amaitu dezakeela urte hau, 2021ean baino %2,3 gehiago baino ez. 2023rako, ordea, kopuru hori %15,4raino jaistea aurreikusten dute, 563.445 operaziorekin. Murrizketa hori %40ra heldu daitekeela diote, baldin eta inflazioa kronifikatzen bada. Zifra horiek 2015eko mailara eramango lukete Espainiako Estatuko etxebizitzaren merkatua, urtean 410.000 trantsakziorein.
Sarbide mugatuagoa
Pandemia sasoian adreiluaren boom-az hitz egin bada ere, mende hasierakoak baino hazkunde apalagoa ekarri du, eta denbora-tarteari dagokionez, askoz ziklo laburragoa izan da. Hala ere, amaitu da interes-tasen bakea, eta hipotekak garestiago ordainduko dira aurrerantzean. "Higiezinen sektorean, horrek hipoteka garestiagoak eta eskuragarritasun urriagokoak esan nahi du", aurreratu du Tinsaren Ikerketa Zerbitzuak.
Lehen, etxebizitzen prezioak altuegiak zirelako, eta orain, hipotekak garestitu direlako, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa da gizarteko sektore proletarioentzat. Eta ez hori bakarrik, etxebizitzaren prezioaren jaitsierak jabetzarako sarbidea izan duten familia ugariren ondarea ere murriztuko du aurrerantzean. Jabedun handienek prezio baxuan jabetza metatzeko aukera paregabea da.