AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / congreso.es
2022/10/04 12:21

Aurreko ostegunean, irailaren 29an, "langile publikoen" soldatak izan zituzten hizpide Espainiako Kongresuko Mahaian, eta, besteak beste, datorren urtean Kongresuko diputatuen soldatak igotzea erabaki zuten. Zehazki %3,5eko igoera izango dute diputatuen soldatek, nagusiki, gobernuan dauden PSOE eta Unidas Podemos alderdien ekimenez. 2023. urtea hastean sartuko da indarrean neurri hori.

Espainiako Estatuak 2022. urterako eratutako Aurrekontu Orokorretan agertzen den Gardentasun Atariaren arabera, Kongresuko diputatuen oinarrizko soldata hilean 3.050 euro gordinekoa da gaur egun. %3,5eko igoerarekin, hilean 3.157 eurokoa izatera igaroko da oinarrizko ordainsari hori.

Zenbateko horri, gainera, hilero kobratzen dituzten kalte-ordainak eta osagarriak gehitu behar zaizkio; biak handituko dira hurrengo urtean. Izan ere, batetik, hainbat kalte-ordain jasotzen dituzte diputatuek, haien egoeraren arabera aldatzen direnak. Esaterako, Madrilen hautetsiak direnei 935,37 euroko kalte-ordainketak egiten dizkiete, eta 1.959,62 eurokoak beste probintzietakoak direnei. Hala, hurrengo urteko oinarrizko soldatei ordainketa horiek gehituz gero, urtean 57.756,96 euroko oinarrizko irabaziak izango dituzte Madrilen hautetsiek, eta 72.598,36 eurokoak gainontzeko probintzietakoek.

Dena den, diputatuen irabaziak are handiagoak izan daitezke haien kargu edo funtzioen arabera. Adibidez, osagarriak ordaintzen dizkiete Bozeramaileen Batzordean edo Mahaian parte hartzen dutenei; 933,65 euroko osagarriak jasotzen ditu Kongresuko presidenteak, edota 179,37 eurokoak presidenteordeak.

Gaur-gaurkoz, Kongresuko presidente Meritxell Batetena da soldatarik altuena; urtean 230.930 euro irabazten ditu, eta 239.013 euro irabaziko ditu 2023an.

EZ DAGO IRUZKINIK