AKTUALITATEA / Soldata sistema
Euren eskubideen defentsan antolatzeagatik kaleratu dituzte lau langile Gasteizko Sidenorren
Haien lan-kategoriatik kanpo dauden lanak egin behar izan dituzte, eta soldata-berdintasuna exijitu dute.
2025eko azaroaren 7
Euren eskubideen defentsan antolatzeagatik kaleratu dituzte lau langile Gasteizko Sidenorren
— ARGAZKIA Gasteizberri.com

Sidenor enpresak lau langile kaleratu ditu Gasteizko (Araba) lantegian. LAB sindikatuak salatu duenez, "euren eskubideak aldarrikatzeagatik" bota dituzte, eta ELAren esanetan, "soldata-berdintasuna erreibindikatzeagatik" jo du haien aurka enpresako zuzendaritzak. Izan ere, haien lan-kategoriatik kanpo zeuden lan batzuk egin behar izan dituzte lau beharginek, eta enpresari horren kargu egiteko eskatu zioten, tailer hidraulikoetako eta gainerako mantenu-tailerretako langileen soldatak berdindu ditzala exijituz.

Enpresak langileen eskaria onartu zuen lehenengo, eta plus bat kobratzen hasi ziren joan den urtarrilean, lan-kategoria egokituz. Gero, baina, atzera egin eta hasieran aitortutako ordainsaria soldatatik kentzen hasi zen. Azkenean, ELAk azaldu du "gatazka judizializatu" eta langileak kaleratu dituela zuzendaritzak.

LABen arabera, abuztuan ekin zion erasoari Sidenorrek. Plusa ordaintzeari utzi zion lehenengo, eta irailean esan zien beharginei ez zutela gehiago jasoko. Are gehiago: urrian azaldu zien nominatik kenduko ziela plusari lotutako zenbatekoa. Berriki, espedientea ireki die lauei, eta kalera bidali ditu azkenerako.