AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/21 08:46

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bart eman zuen abisua: esan zuen gaur goizean hiru familia botako zituztela euren etxeetatik. Iruzur baten biktima izan dira, familietako batek Unión de Creditos Inmobiliarios (UCI) finantza-erakundeari (Santander bankuari lotutako entitate bat) hipoteka bat eskatu ostean, amarru egin baitzien hark: maileguaren zenbatekoa handitu zuen haiei jakinarazi gabe eta zorra izugarri areagotuz, azkenerako, etxea kentzeraino. Horrekin aski ez, eta senide batzuek abal modura jarritako bi etxebizitzak lapurtzeko mugimenduak ere egin ditu UCIk, denera, hiru etxe bereganatuz eta hiru familia kale gorrian uzteko estrategia osatuz.

"Duela hogei urte, hipoteka-mailegu bat eskatu genion lukurreriagatik kondenatua izan den entitate bati. Bizia ezinezko egiten ari zaizkigu. Bihar, 10:30ean, kalean utziko gaituzte", azaldu zuen biktimetako batek bideoan. Gaineratu zuen zaurgarritasun-egoeran dauden kideak dituztela familian, adin txikikoak eta bihotzeko ebakuntza bat jasan berri duen pertsona nagusi bat tartean. "Ez daukagu nora joan, kale gorrian utziko gaituzte, ezer gabe", salatu zuten atzo.

Hiru etxegabetzeei aurre egin die Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Etxegabetzeen berri izan bezain pronto deitu zuen mobilizatzera Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: goizeko 10:00etan jarri zuen hitzordua Kukularra bidean, kaleratzeei aurre egiteko. Kale horretan daude UCIk gaur desalojatu nahi zituen etxeetatik bi, eta Ategorribarriko 2. zenbakian dago hirugarrena.

Desalojo-agindua 10:30erako ezarrita zegoen arren, askoz ere lehenago bertaratu dira polizia-indarrak Kukularra bidera: 4. zenbakidun etxeko atarian zegoen jendea bota dute ertzainek 08:00ak alderako, eta polizia-lerroak osatu dituzte eremu guztian. Hala ere, goizak aurrera egin ahala, seinalatutako hiru etxeetako atarietan eta inguruan elkarretaratu dira hainbat eta hainbat pertsona, etxegabetzeei aurre egiteko prest.

11:00ak baino lehen, Kukularra bidean etxe-kaleratzeei aurre egiten ari zen jendea indarrez kanporatu du Ertzaintzak. Segizio judiziala bertan zen, eta etxegabetzeak bertan behera gera zitezela eskatu dieten arren, prozesuarekin aurrera egitea erabaki dute segizioko kideek. Eguerdirako gauzatu dituzte Kukularra bideko bi etxeen desalojoak.

Ategorribarrin erresistentzian jarraitu dute hainbat lagunek, baina arratsaldean gauzatu dute desalojoa segizioak eta Poliziak, hiru etxe-kaleratzeen prozesua burutuz.

Klase-elkartasuna eta langile-autodefentsa

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du "botere judiziala momentu oro lerratu" dela "banketxearen interesekin", eta epaileek ez dutela kontuan hartu familian osasun-arazoak dituzten pertsonak eta adingabeak daudela, ezta biktimek bizitoki-alternatibarik ez dutela ere. Eta nabarmendu du: "Beste behin ere, banketxeek langile-klasearen etxebizitzak eurenganatzen dituzte, botere judizialaren, Poliziaren eta erakunde politikoen laguntzarekin".

Etxegabetze guztiak behin betiko eten ditzatela exijitu dute sindikatuko kideek, "biharko etxegabetzeen aurrean, klase-elkartasuna adieraztera eta langile-autodefentsa antolatzera" deitzearekin batera.

EZ DAGO IRUZKINIK