AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/20 17:14

Hernanin (Gipuzkoa) etxerik gabe geratzeko arriskuan dago familia bat, Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi berri duenez. Lau kide dira familian; tartean, bi haur. Jabetza partikularreko etxebizitza batean bizi dira gaur egun, baina etxegabetze-jakinarazpen bat jaso dute jada. Helegiteak jartzeko epea ireki zen orduan, eta bide horri heldu diote oraingoz, Etxebizitza Sindikatuaren esanetan. Modu horretan lortu dute, momentuz, kaleratzea atzeratzea. Hurrengo astean izango da epaiketaren bista.

Etxebizitzari lotutako arazoak "neurri gabe" hazten ari direla salatu du Etxebizitza Sindikatuak: "prezioen igoera etengabea, kolektibo proletarizatuenen eskubideen urraketa sistematikoa, egoera hobetzeko politikarien ezintasuna", eta abar. Sindikatuarengana azkenekoz jo duen familia horren egoera, dena den, ez dela "arazo isolatu bat" ohartarazi du. Izan ere, Hernanin bertan, gutxienez beste bi etxegabetze-prozesu daude martxan.

"Etxebizitza luxu garesti bat bihurtzen ari da askorentzat. Etxebizitza jabeak alokairuen eta prezioen igoerarekin aberasten ari diren bitartean, inpunitate osoa dute maizterrak bota eta nahi bezalako baldintzak inposatzeko, legea alde dutelako", seinalatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek.

Instituzioen ezintasuna

Azaldu dute, gainera, gero eta ahalmen gutxiago daukatela instituzio publikoen "babes sozialerako mekanismoek". "Hernaniko etxegabetze horren kasuan, adibidez, udalak kaltetuei eman dien aterabide bakarra familia nukleoa banatzea eta kide bat kale gorrian geratzea da, ez omen baitu baliabiderik gehiagorako", dio Etxebizitza Sindikatuak.

"Hemendik aurrera datorrena are okerragoa izango dela ere badakigu, ez baitago etxebizitzen jabetza pribatuak dakarren negozio erraldoiari aurre egingo dion erakunderik", gaineratu du.

Etxebizitza Sindikatua, lanean

Aipatutako familiaren egoeraren berri izan bezain pronto jarri zituen martxan sindikatuak "autodefentsarako beharrezkoak diren tresnak". "Beste kasuetan bezala, langile klaseko kideon babesgabetasuna elkartasunarekin eta antolakuntzarekin borrokatzea aukera bakarra dela argi dugu", aldarrikatu dute sindikatuko kideek.

"Etxebizitza Sindikatuarekin bat egitera eta kaltetutako pertsonei elkartasuna helaraztera" deitu dute. Oroitarazi dute bi komunikazio-bide dituztela eskuragarri: esindikatua.buruntzaldea@gmail.com helbidea eta 631 830 317 telefono zenbakia.

"Langile klasearen antolakuntzaz lortuko dugu soilik halako arazoei aurre egitea eta arazo horien errora joko duen borroka ehuntzea, sozialismoaren alde", gehitu du Etxebizitza Sindikatuak. Bestalde, egingo dituen hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK