AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Prentsaurrekoa, aurreko urteko abenduan.
2022/02/10 09:19

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak iazko abenduan azaldu zuen 23 pertsona zeudela haien etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan; hain justu, Alokabideren zuzkidura-ekipamenduetan bizi diren bost familia, eta Alde Zaharreko ostatu pribatu batean bizi ziren hamasei maizter. Etxebizitza Sindikatuarekin antolatzea erabaki zuten kaltetuek, eta antolakuntza horri esker izandako lorpenen berri eman dute.

Atzo jakinarazi zutenez, irtenbide partzial bat lortu dute etxegabetze arriskuan zeuden hainbat pertsonarentzat. Alokabideren pisuetan bizi direnen kasuan, luzapen bat ematea eta momentuz etxe horietan jarraitzea lortu dute. Ostatuan bizi ziren pertsonen kasuan, haien logeletatik irteteko aginduari aurre egitea erabaki zuten bik: ostatuan geratu eta borroka egin zuten. Jabeekin negoziaketa-saioak izan ditu Etxebizitza Sindikatuak, eta azkenean lortu du legezko kontratu bat sinatzea, bi lagun horiek jabe berdinen beste apartamentu batean bizi daitezen.

"Adibide horrek antolakuntzaren eraginkortasuna frogatzen du", esan dute Etxebizitza Sindikatuko kideek: "Pertsona horiek sindikatura iritsi aurretik inolako aukerarik gabe zeuden bitartean, behin antolatuta eta borrokatuta, beren aukerak zabaltzen hasi ziren".

Ohartarazi dute, dena den, "arazo partikular horiek eta beren irtenbide partzialek" ez dutela "mugarik aurkituko sozialismoaren eraikuntzan aurrerapausoak eman ezean".

EZ DAGO IRUZKINIK