Berehalako desalojo arriskuan dago Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Etxarri II Gaztetxea, baina indarra hartzen ari da espazioaren aldeko jarrera. Gaur goizean, agerraldi bat egin dute Bilboko hainbat eragiletako ordezkariek, izan ere, Gaztetxearen aldeko manifestu bat sinatu dute inguruko 60 bat kolektibok, komertziok eta artistak. Idatziaren bidez, Etxarriren desalojoa gelditu dadila exijitu dute sinatzaileek, eta hura defendatzera deitu dute: apirilaren 4rako dago finkatuta espazioa husteko gehienezko epea.
Manifestuan, Bilboko Udala eta "berorrek bultzatutako pilotada urbanistikoaren" bidez aberastuko diren enpresaburuak jarri dituzte jopuntuan, Gaztetxearen desalojoaren erantzule modura. Amenabar eraikuntza-enpresa da errudun horietako bat, Etxarriko kideek azaldu dutenez, "inguruko pabiloi industrial guztiak erosten" aritu baita etxeak eraikitzeko. Luxuzko etxebizitzak nahiz Babes Ofizialeko Etxebizitza batzuk eraikitzeko lanak tartean, Etxarri hustu eta desagerrarazi nahi dute.
Gazteek "enpresari gutxi batzuen poltsikoak betetzeko eta zonaldeari bestelako izaera 'dotoreago' bat emateko proiektu" modura definitu dute Etxarri inguruan egin nahi dutena, eta "Bilboko Udalaren aurpegi biko jarrera" salatu dute; plan urbanistikoa sustatu arren, "polemika saihestu nahian, proiektua apainduko duten BOE batzuk eskaini" dituelako gero. Gogorarazi dute, gainera, udal-gobernua ez dela harremanetan jarri Gaztetxearekin eta ez duela inolako alternatibarik mahaigaineratu, berehalako desalojo arriskuaren aurrean.
Manifestazioa ostiral honetan
Manifestuarekin bat egitearekin batera, 60tik gora sinatzaileek ostiral honetarako mobilizazio deialdia babestu dute: Etxarriren defentsan, arratsaldeko 18:30ean hasiko da manifestazioa Errekaldeko Plazatik. Hemen irakur daiteke manifestua sinatu duten talde, komertzio eta artista guztien zerrenda.
Bi hamarkadaz hutsik egon ostean, 2014an okupatu zuten gaur egun Etxarri II Gaztetxea den eraikina, bertako kideek oroitarazi dutenez, "Kukutza III-ren eraispenaren ondorioz, auzoko gazte langileen beharrei erantzun kolektibo bat emateko" asmoz. "Azken urteotan, Etxarri Gaztetxea bestelako aisialdi-eredu bat garatzeko espazioa, gazteon sozializaziorako eta politizaziorako gunea eta auzoko hainbat eragilerentzat aterpea izan da", xehatu dutenez.