La Cimade elkarteak salatu duenez, Hendaiako (Lapurdi) erretentzio zentroan preso dagoen etorkin gazte bat bere buruaz beste egiten saiatu zen aurreko astean. Ospitalera eraman behar izan zuten, artatua izan zedin.
Elkarteko kideen arabera, pandemia garaian are gehiago okerragotu da pertsona migratuek erretentzio zentroetan bizi duten egoera. Atxiloaldiak bi hilabeteraino edo gehiago luzatzen dira han (legez 90 egunez izan ditzakete preso), eta hala, atzeratu egiten dira haien kanporatzeak.
Erretentzio zentroetan preso daudenen desesperazioa eta ezinegona areagotu egin dela azaldu du Cimadek; istilu eta tentsio uneak ugaritu egin dira, jakinarazi dutenez. Hendaiako zentroan bertan liskar larri bat izan zen irailaren 10ean, eta hainbat pertsona zauritu ziren.