AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Euronews
2024/05/21 09:51

Espainiako Estatuak 2023an egindako arma bidalketei buruzko hainbat datu argitaratu dituzte berriki. Iazko lehen hiruhilekoan, 1.753 milioi euroko esportazioak egin zituen, 2022ko aldi berean baino %35 gehiago. Merkataritza estatu-idazkariak, Xiana Margaridak "nazioarteko gerra-testuingurua" aipatu du horren justifikazio modura.

Itxura denez, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetara bideratu zituen esportazio gehienak Espainiako Estatuak; %45 bai, behintzat. NATOko beste estatu batzuetara egindako bidalketak gehituz gero, %60ra heltzen da portzentaje hori. Esportazioen barruan, aireontziak izan ziren nagusi: bidalitako gerra-baliabideen %53 ziren aireontziak.

DataCome-k emandako datuen arabera, 2023an, guztira, 37,8 tona arma saldu zizkion Israelgo entitate sionistari Espainiako Estatuak. 1.607.049 euroko balioa izan zuen salmenta kriminal horrek guztiak.

Arma bidalketak iazko urritik

Ekonomia ministroak, Carlos Cuerpok, joan den martxoan esan zuen ez dutela Israelgo Estatura arma bidalketarik baimendu urriaren 7tik; alegia, sionistek oldarraldi militar masiboari ekin ziotenetik. Baieztapen horren tranpa erakusten dute, ordea, argitara ateratako hainbat informaziok: Rescop sarearen esanetan, Espainiakoa izan zen 2023ko azaroan estatu sionistari arma gehien esportatu zizkion estatua.

Kanpo-merkataritzari buruzko estadistika-atariak jasotzen ditu horri lotutako hainbat datu. Bertan agertzen da 2023ko azaroari dagokion arma sorta bat, Espainiako Estatuak Israelgoari saldutakoa: ia milioi bat euroko balioa izan zuen bidalketa horrek. Hainbat hedabide aritu dira gerora esportazio horri buruz hitz egiten: antza, Palentziako enpresa batek esportatu zuen arma sorta hori.

Hori ez da izan, baina, iazko urrian sionistek palestinarren kontrako erasoaldi militarra areagotu zutenetik, Espainiako Estatuak egindako bidalketa bakarra: 2023ko abenduan, arma gehiago esportatu zizkion Israelgo Estatu genozidari. Aipatutako atariaren arabera, 125.000 euroko bidalketa bat izan zen. Bi esportazio-mugimenduak justifikatzeko, Espainiako Gobernuko iturriek esan dute urria baino lehen adostu zituztela salmenta horiek.

EZ DAGO IRUZKINIK