AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/30 09:26

Joan den ostegun gauean atxilotu zuen Ertzaintzak Mugimendu Sozialistako militante bat, Itziarren (Gipuzkoa). Eibarko (Gipuzkoa) polizia-etxera eraman eta gero, Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelan espetxeratu zuten. 2018an ezarritako zigor bat betearaziko diote, eta gutxienez sei hilabetez izango dute preso; ikasle greba bateko gertakariekin dago lotuta sententzia, alegia, jardun politikoarekin.

Ostiralean manifestazio bat egin zuten Urruñan (Lapurdi), Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, urruñarra baitzen kartzelaratutako gaztea. "Estatu kapitalistek militantzia iraultzailea zigortzeko daukaten funtzioa" azpimarratu zuten Kontseilu Sozialistako kideek: "Proletalgoaren antolakuntza independentea deuseztatzeko burgesiaren tresna izaten segitzen dute".

"Oinarrizko askatasunen deuseztapenak eta errepresioak ezaugarritzen duten testuinguru honetan beharrezkoa da are eta indar gehiago ezartzea askatasun politikoaren aldeko borrokan, beti ere sozialismoa eta amnistia ardatz izanik", aldarrikatu zuten.

Larunbatean, Euskal Herriko beste hainbat herritan

Larunbatean ere izan ziren atxilotutako militantea aska dezatela eskatzeko mobilizazioak, Euskal Herriko hamahiru herritan; hain zuzen, Altsasun (Nafarroa), Azpeitian (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Bergaran (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Gernikan (Bizkaia), Iruñean (Nafarroa), Lizarran (Nafarroa), Ondarroan (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa). Tokian tokiko Kontseilu Sozialistek zein GKSk egin zituzten deialdiak, eta Atxilotuta askatu. Amnistia osoa izan zuten aldarri.

Hurrengo ostiralean, Baionan

Beste hitzordu bat jarri du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak aste honetarako: datorren ostiralean, ekainaren 3an, Baionan (Lapurdi) egingo dute manifestazio bat. 19:00etan hasiko da mobilizazioa San Andres plazatik.

EZ DAGO IRUZKINIK