Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 4. Sekzioak otsailaren hasieran eman zuen Arantza Zulueta eta Jon Enparantza kartzelaratzeko agindua, 13/13 auzian ezarritako zigorretatik falta zaiena bete dezaten. Bi abokatuak, hala, aurreko eguerdian sartu ziren preso Martutenera (Gipuzkoa). 2022an, Auzitegi Nazionalak zazpi urte eta erdiko zigorra jarri zion Zuluetari eta lau urtekoa Enparantzari, ETAren ustezko "fronte juridiko" bat osatzea leporatuta, eta kondena berretsi zuen Gorenak joan den urtarrilean. Auzitegi Konstituzionalera joko du orain bien defentsak, baina oraingoz, espetxean dira.
2010ean atxilotu zituzten Zulueta eta Enparantza, beste hainbat abokaturekin batera, eta haietatik lau kondenatu zituzten azkenean. Naia Zuriarrainen eta Iker Sarriegiren helegiteak partzialki onartuta, haien kontrako zigorrak murriztu zituen Gorenak urtarrilean, eta ez dituzte kartzelaratuko. Zuluetaren eta Enparantzaren kasua, ordea, ez da hori.
2021eko udan hasi zen 13/13 prozesuko epaiketa, eta agerian geratu ziren CNIren esku-hartzeak (oraindik ere argitu gabeak) eta atxilotuetatik bik, Zuriarrainek eta Saioa Agirrek, jasandako torturak (oraindik ere aitortu gabeak, Gorenak helegiteak partzialki onartzean nolabait aipatu arren). Hala ere, "erakunde terrorista" baten parte izatea leporatuta kondenatu zituzten atxilotutako abokatuetatik lau, eta, gerora, kondenak berretsi zituzten. Prozesu berean auzipetutako eta epaitutako Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu egin zituzten, eta Juan Mari Jauregi hil egin zen epaiketa hasi eta bi hilabetera.