AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/10 17:52

Iazko abenduaren 31n jakinarazi zuten Indar Gorriko kideek "errepresioa, atxiloketak, debekuak eta muntaketak" izan zirela nagusi haientzat 2021. urtean, baina urtearen azken hondarretan heldu zela kolperik latzena: taldeko kide bat kartzelaratu zuten.

Mutur horretaraino iritsi den prozesu judizialaren izaera politikoari egin zion azpimarra Indar Gorrik: "[Kidea] Kartzelan dago antifaxista izateagatik eta bere hautua azken muturreraino defendatzeagatik". Izan ere, 2013an Gijonen (Asturias) izan ziren gertakarien harira auzipetu zuten, baita 2016an Indar Gorrik jasan zuen polizia-muntaiaren harira ere.

2013an, liskarrak izan ziren Gijonen hainbat faxistarekin; hori dela-eta, Indar Gorriko kide bat auzipetu zuten. 2016an, bestalde, Indar Gorriren aurkako polizia-operazio handi bat izan zen. Urtebeteko polizia-ikerketa baten ostean —besteak beste, taldeko zenbait kideren telefono-deiak miatu zituzten—, Nafarroan Indar Gorriko hemezortzi kide atxilotu zituzten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak; guztira 21 auzipetu zituzten.

Azkenean, polizia-operazio horren ondorioz, 11 kide epaitu zituzten 2018ko maiatzean, Iruñean (Nafarroa). "Talde kriminal" bateko kide izatea eta lesioak eragitea leporatu zieten guztiei, futbol talde batzuetako zaletuekin, tartean faxistak, izandako liskarrak aitzakiatzat hartuta.

Urtebeteko kartzela zigorra ezarri zieten guztiei, eta hamar kide aske geratu ziren espetxera sartu behar izatetik. Hamaikagarren kidearen kasuan, ordea, ez zen hala izan: aurretik auzipetua eta zigortua izan zenez —2013ko gertakariei lotuta—, urtebeteko kartzela zigorra gehituta, iaz kartzelaratu zuten kide hori. Preso jarraitzen du oraindik, Iruñeko kartzelan.

"Babes osoa adierazi nahi diogu gure anaiari, soinez soin borrokatzen jarraituko dugu, bere eta gainerako preso politikoen askatasunaren alde", adierazi zuen Indar Gorrik iazko abenduaren 31n, kidea espetxeratu zutenean.

Errepresioaren Aurkako Jardunaldiak Madrilen

Aurten ere Errepresioaren Aurkako Jardunaldiak antolatu ditu Madrilen Bukaneros taldeak —Rayo Vallecanoren zaletuen talde bat—, Arrazismoaren, errepresioaren eta negozio-futbolaren aurka lelo hartuta, beste behin ere. Oraingoan Indar Gorriko kideak ere izango dira jardunaldietan, eta Bukaneros taldeko kideekin elkarlanean eskainiko dute hitzaldi bat. Zaletuak, ez kriminalak izenpean prestatu dute hitzaldia bi taldeek.

EZ DAGO IRUZKINIK