AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/03/23 09:50

Joan den urtarrilaren 11n ehunka pertsona bildu ziren Iruñeko (Nafarroa) Justizia Jauregiaren aurrean, Errotxapeako Gaztetxeko (Iruñerria, Nafarroa) hiru kideri epaiketa egiten zieten bitartean. Ohartarazi zuten latzak izan zitezkeela auzibide horren ondorioak; besteak beste, gaztetxearen desalojoa eta 40.000 eurora arteko kostu judizialen ordainketa.

Gaztetxeko kideek salatu zuten hiru auzipetuei "defentsarako eskubidea urratu" zietela epaiketan; izan ere, onartuta zeuden froga eta testigantza guztiak ukatu zizkien epaileak.

Aurreko asteburuan jakinarazi zutenez, esku artean dute jada epaia, eta espazioaren desalojoa nahiz epaituek ordaindu beharreko kostuen zenbatekoa jasotzen ditu ebazpenak. Hortaz, oraindik data zehatzik helarazi ez badiete ere, Errotxapeako Gaztetxea husteko agindu du epaileak. "Prozesu judiziala itxita dago eta espazioa husteko dataren zain gaude", azaldu dute gaztetxeko kideek.

Adierazi dute, bestalde, "kontrako aldearekin hasitako negoziazio-prozesu baten ondoren", lortu dutela kostuengatik ordaindu beharreko zenbatekoa "murrizteko akordio bat".