Espainiako Estatuan larrialdi egoera ezartzea onartu dute gaur Ministro Kontseilu berezian. Printzipioz 15 egunerako izango bada ere, bigarren larrialdi egoera hau sei hilabetez luzatzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak, hain zuzen, maiatzaren 9ra arte. Dena den, Espainiako Kongresuak eman beharko luke ontzat luzapen hori.
Momentuz konfinamendu orokorrik aginduko ez badute ere, larrialdi egoeraren barruan, bete beharreko hainbat neurri murriztaile aurreikusi dituzte jada. Batetik, biltzeko eskubidea are gehiago mugatuko dute, eta elkarrekin bizi ez badira, ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu. Bestetik, etxeratze agindua izango da gauean, 23:00etatik 06:00etara (hau da Pedro Sanchez presidenteak proposatutako ordutegia, baina etxeratzea ordubete aurreratzeko edo atzeratzeko aukera izango dute erkidegoek). Denbora tarte horretan, debekatuta egongo da kalean mugitzea. Horretaz gain, muga guztiak edo eremu zehatz bat ixteko aukera ere izango dute erkidegoek.
Alor juridikoan aldaketa bat egingo dute, hala: Erkide Autonomoetako buruen ardura izango da alarma egoeraren kudeaketa eta ezarpena.
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi dute Espainiako Gobernuaren erabakia, eta gaur biltzekoak dira bi erkidegoetako jarraipen mahaiak. Tokian tokiko neurri zehatzen berri emango dute gaur, beraz.