AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Josep Borrell. Argazkia: Descifrando La Guerra
2022/03/09 15:08

Energiaren prezioen igoerak Espainiako Estatuko ekonomia mehatxatu du. Bereziki, biztanleria langilearen bizi-baldintzak dira jomugan daudenak. "Garai zailak datoz", ohartarazi dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Nadia Calviño Defentsa ministroak. Ukrainako guda gordindu denetik, hurrenez hurren, gasa 90 dolarretik 200era igo da, petrolio upela 98tik 125era eta argindar megawattaren orduko prezioa, berriz, 545 eurora.

Langileen errenten zati handi batek energia ordaintzerakoan "ihes" egiten omen duen honetan, neurri zorrotzen berri eman diote PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuko iturri ezezagun batzuek El País egunkariari: "Kontua da orain nola egingo dugun gutxitzen ari den aberastasun hori banatzeko eta leuntzeko". Iturri beren esanetan, "ezer gertatuko ez balitz bezala jarraituko bagenu, hondamendira bideratuta geundeke". Aurreikuspenen arabera, Espainiako Estatuko langileriak, gutxienez, erosahalmenaren %10 gal dezake datozen bi urteetan.

Bruselan ate joka

Ezer baino lehen, energiaren prezioen igoera mugatu nahi dute Madrildik. Larunbatean, hain zuzen ere, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin izandako bileran gai hori izan zuten hizpide. Espainiako Gobernuak energiaren kostua jaisteko "neurri sendoak" erregutu zituen. Moncloaren arabera, energia-iturrien %85 "arrazoizko prezioetan" omen dago, azken zifrek kontrakoa adierazten duten arren. Gasa estatu mailako energia-kontsumoaren %10 den arren, "gainontzeko guztia definitzen" ari dela konturatu da PSOEren eta Unidas Podemosen gobernua.

Irailetik energiaren prezioaren igoera saihesteko neurriak eskatu dituzten arren, Europako Batzordeak "tresna mugatuak"  eskaini dizkiela adierazi du Espainiako Gobernuak. Hala ere, Ukrainako sarraskiak gauzak aldatu dituela esan daiteke, batzordeak "aparteko neurri garrantzitsuagoak" iragarri baititu; besteak beste, zerga handiagoen ezarpena. Zeresan handia piztu dute Josep Borrell Europako Batzordeko presidenteordearen hitzek: "Moztu ezazue etxeko gasa, Ukrainari eraso egiten dionarekiko menpekotasuna murriztu, eta har dezagun babes kolektiborako konpromisoa".

Errenten hitzarmena

Astelehenean bilkura bat egin zuten UGT eta CCOO sindikatuek, Pedro Sanchezen kabineteak eta patronalak.  Guztien arteko "akordio politiko handi bat" erdiesteko asmoa adierazi du Sanchezek, "soldata-moderazioa" oinarri izanen duena. Edukia zehazteke dagoen arren, "hitzarmen kolektibo berri baten oinarriak" izango lirateke. Orain arte bezala, patronala eta sindikatuak bat etorri dira bilkuretan. "Kopuru zehatzetan egongo dira desadostasunak", adierazi dute iturri sindikalek.

ABEEen karta

Bestalde, "krisiaren kaltea arintzeko bideak" bilatuko omen dituzte. Beste hainbat neurriren artean, legedi berriak ahalbidetzen duen Red mekanismoa egongo litzateke, sektore industrial kaltetuenetan ABEEak automatikoki aktibatzeko. Horrez gain, "trantsizio energetikoa" sustatzera bideratutako Europar Funtsen atala ere baliatu dezakete.

Iturria moztu

Bestalde, ASB News atariak atzo jakinarazi zuenez, Errusiako Gobernuak baieztatu du erabaki bat hartu duela Vladimir Putin presidenteak: debekatu egingo du produktu eta lehengaiak Errusiako Federaziotik kanpo esportatzea, 2023ra arte gutxienez.

EZ DAGO IRUZKINIK