AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Wikimedia Commons
2023/04/21 09:51

PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak, "historiako gobernurik aurrerakoienak", indultua ukatu dio bikotekide ohiaren erasoaren aurrean bere burua defendatu zuen emakume bati. "Lesio-delituak" leporatuta, bi urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion epaileak. Erasotuak, dena den, bikotekide ohiaren aurkako salaketa jarria zuen aurretik, urruntze-aginduarekin.

"Hainbestetan eman didate bizkarra, non niretzat irtenbiderik ez dagoela sentitzen baitut", azaldu dio 24 urteko biktimak La Vanguardia egunkariari. Egun gutxi barru kartzelan sar dezakete.

Urruntze-agindua hautsita

Gertakariak 2017ko irailaren 8an jazo ziren, goizaldeko 03:30ak aldera, Madrilen. Loredana izeneko emakumeak bikotekide ohiarekin topo egin zuen gau hartan. Indarkeria matxistagatik salaketa jarri zion sei egun lehenago, etxean bertan jipoitu baitzuen. Une horretan, erasotzaileak berekiko 500 metroko urruntze-agindu bat zuen.

Neska gazteak argitu duenez, erasotzaileak barkamena eskatu zion eta "aldatuko" zela ziurtatu zion. Emakumeak gezurretan aritzea leporatu bezain laster, ostikada gogor bat eman zion bikotekide ohiak, eta lurrera bota zuen. Erasotuak kristal zati bat hartu zuen lurretik, "gainetik ken zedin esateko". Borroka hartan, ebaki bat egin zion aurpegian Loredanak, eta handik pasatzen ari zen polizia patruila batek biak atxilotu zituen.

Prozesu judiziala

Hasieran, bazirudien erasotuak eta erasotzaileak salaketak atzera botatzea adostu zutela. Emakumeak hala egin zuen, baina erasotzaileak ez, ordea. Une hartan 21 urte zituen mutila kargugabetu zuen epaileak, "emakumea erasotu izanaren froga faltagatik". Horrez gain "bost egun lehenago igorritako urruntze-aginduaren jakinaren gainean ez zegoela" ontzat eman zuen.

Loredanari, aldiz, bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxealdia eta 8.750 euroko erantzukizun zibila ezarri zion, kalte-ordainetan. Emakumearen abokatuak indultua galdegin zion Espainiako Gobernuari, eta zigorra aldi baterako etetea lortu zuen. Ministroen Kontseiluak indultua sinatzeko papera mahai gainean izan du, eta ezezkoa ematea erabaki du.

EZ DAGO IRUZKINIK