Beste urte batez, Grezian elkartu dira hainbat herrialde aliatutako aire-indar militarrak, Iniochos 25 izeneko maniobretan besoz beso parte hartzeko. Greziako Aire-Indarrak (HAF) antolatzen du ariketa militar hori, eta hainbat kide estrategikotako indar militarrak batzen dira bertan, gerra-hegazkinak Greziara bideratuta. Martxoaren 24an hasi zituzten maniobrak eta apirilaren 13ra arte luzatuko dira, eta hiru fasetan banatuta dago ariketa: "indarra hedatzea, gauzatzea eta atzera-egitea".
Espainiako eta Frantziako estatuak parte hartzen ari dira hitzorduan, beste hamaika herrialderen eskutik; hala nola Israelgo Estatua, Amerikako Estatu Batuak, Italia, India, Polonia, Eslovenia, Arabiar Emirerri Batuak eta Qatar. Badirudi, urte honetan, markak hautsi dituela aire-taktikak lantzeko ariketa internazionaleko parte-hartzeak. Besteak beste HAFen aire-baliabideak erabiltzen ari dira maniobretan, "eszenatoki taktiko errealistak" irudikatuz, infodefensa.com atariaren arabera.
Espainiako Estatuak, zehazki, hirugarren urtez jarraian bidali ditu Greziara bere Aire- eta Espazio-Armadako F-18 gerra-hegazkinak. Bere garaian AEBei erosi ostean, gaur egun Gandoko (Kanaria Handia) basean erabiltzen dituzte aire-ontzi horiek, eta badirudi laster erretiratuko dituztela. Horiek ordezkatzeko, baina, 20 Eurofighter hegazkin erosi zituen 2023an Espainiako Estatuak. 2026an egongo omen dira erabilgarri.