AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/17 14:01

%6,5eko inflazio-tasarekin amaitu zen 2021. urtea Espainiako Estatuan. 1992tik erregistratutako marka altuena da, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) ostiral honetan argitaratutako abenduko behin betiko datuen arabera. PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak elektrizitatearen gaineko zerga jaitsi bazuen ere, gobernuaren ezein neurri ez da gai izan hamar hilabetez segidan gauzatu den igoerari eusteko.

"Kontrako norabidean bultzatzen duten indarrak edozein gobernu baino indartsuagoak direla frogatu da", aitortu du El País egunkariak. Ondorioz, kontinenteko gobernu gehienak Europako Banku Zentralari (EBZ) begira daude, hark inflazioari aurre egiteko "tresna gehiago" dituelakoan. Halere, EBZ tentuz dabil "berreskurapena" ez oztopatzearekin.

Soldata errealaren galera

Bizibideen garestitzearen ondorioz, langileriaren erosahalmena murrizketa orokor eta progresibo bat jasaten ari da. Hilabete arteko batez besteko inflazioa %3,08koa izan da 2021ean; 2011. urtetik erregistratutako zifrarik altuena da. Soldatak, bien bitartean, %1,47 baino ez dira igo.

Funtzionarioen eta pentsiodunen errentak ere ez dira osorik atera joera horretatik. Erosahalmena 0,6 puntu beheratu da pentsiodunen kasuan, eta langile publikoenean, berriz, 2,2. Fenomeno horien azpitik datzan inflazio-indizeak kalkulutik kanporatzen ditu landu gabeko elikagaiak zein produktu energetikoak, bi multzo horietako prezioen aldakortasunagatik. Hala eta guztiz ere, %2,1eko indizearekin itxi zuen abendua, lau hamarren hazi ostean.

Onarrizko produktuak jopuntuan

Oinarrizko produktuen eta zerbitzuen prezioak izan dira igoera nabarmenenak jasan dituztenak. Elikagaietan, esate baterako, igoera handiak nabari dira joan den urteko egoerarekin alderatuta. EINren arabera, oliba-olioa %26,7 garestitu da, ardi eta ahuntz haragia %21,8, fruta freskoak %9, lekaleak eta barazkiak %8, arrain freskoa %6,6, hegazti haragia %6,5, behi haragia %6 eta itsaskia %5,1. Produktu jakin horiek garestitzeak bereziki kaltetzen ditu diru-sarrera gutxien dituzten familiak.

Ondasun energetikoetatik harago

Maria Jesus Fernandezek, aurrezki kutxentzat aholkulari lanetan diharduen Funcas fundazioko ekonomialariak, "inflazioa orokortzen" ari dela adierazi du El País-en. Izatez, 2021aren lehen erdira arte, bazirudien KPIaren igoera produktu energetikoen garestitzearen emaitza zela. Azken hilabeteetan, ordea, "bigarren fase bat" iritsi dela deritzo Fernandezek, non "lehengaien eta horniduren garestitzeak eragiten dien beste produktu batzuk" ere gehitu diren; energiaren prezioa areagotzeaz gain.

Denborak aurrera egin ahala, 2021erako %2ko gehienezko inflazioa espero zuten adituen aurreikuspenak gezurtatuta geratu dira hilabete gutxiren buruan. Kontrara, baikortasunerako arrazoi gutxiago ikusten dituzten ekonomialarien ustez, "inflazio iraunkorraren arriskua" legoke. Horren arabera, EBZk politika monetarioa gogortu, interesen igoera bizkortu eta arrisku-primak tenkatu egingo lituzke; "Espainiarentzat egoera arriskutsu eta ezegonkor bat", ondorioztatzen du Fernandezek.

EZ DAGO IRUZKINIK