Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak ziurtatu du bere gobernuak epe motzean lortuko duela gastu militarra Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2aren parekoa izatea, 2029a baino lehen. Konpromiso hori NATOren esparruan kokatzen da, Aliantza Atlantikoak 2014an markatu baitzuen gutxieneko helburu hori estatu kideentzat. Roblesen arabera, "guztiek ikusiko dute zorroztasunez, seriotasunez eta Espainiaren interesak oso altu utziz konplitzen dugula", Europar Batasuna berrarmatzeko planari erreferentzia eginez.
Gastu militarrari buruzko helburuak funtsezko auzietako bat bihurtu dira NATOren barruan, bereziki Ukrainako gerraren ondoriozko tentsio geopolitikoen eta "errusiar mehatxuaren" ondorioz. Izan ere, Europako Batzordeak gastu militarra BPGaren %3ra igotzeko aukera ere planteatu du.
Roblesek azpimarratu duenez, %2ko marka 2029a baino lehen betetzea ez da "epeen kontu bat", inbertsio militarrean lan "zorrotza" egitea baizik. Madrilek konpromiso hori aurreikusitakoa baino "askoz lehenago" beteko duela azpimarratu du, eta "interes nazionalak arriskuan jarri gabe" egingo duela hori.
Aliantza Atlantikoan tirabirak izan dira zehaztutako helburuak betetzeari dagokionez, baina Moncloak aurrera egin du aurrekontu militarrari buruzko barne-kalkuluetan. Besteak beste, "terrorismoaren aurkako borroka" eta "mugetako segurtasuna" bezalako partidak ere sartu ditu, hau da, barneko eta kanpoko kontrol politikoa eta soziala. Europa Press agentziak aipatutako iturriek ez dute baztertzen Espainiako Estatuak %2ko helburua betetzea NATOren aurtengo goi-bilerari begira.