AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2026/02/10 14:36

Gaur egun, 377 urteko kartzela-zigorra Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelan betetzen ari da Garikoitz Aspiazu euskal preso politikoa. Bigarren graduan dago une honetan, baina Espetxeko Tratamendu Batzordeak hala proposatuta, kartzela-araudiko 100.2 artikulua ezarri diote berriki, Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin. Hala, astelehenetik ostiralera bitartean, espetxetik kanpo egon ahal izango du egunez, lanerako esaterako. Gauak eta asteburuak, ordea, kartzelan egin beharko ditu.

Azken erregimen-aldaketa hori dela-eta, Aspiazuren aurkako lintxamendu-kanpaina erraldoi bat abiatu dute eskuin muturreko hainbat elkartek eta masa-komunikabidek. Azken egunetan, goizean goiz Martuteneko espetxetik irten orduko, hedabide eta kamera ugari izan ditu zain presoak: gertutik jarraitu eta argitaratu dituzte presondegitik irtetean eman dituen pausoak.

Hori gutxi balitz, informazio faltaz kexu da Covite elkartea, besteren artean. Hala idatzi du X sare sozialean: "Ez dakigu non egingo duen lan edo non gauzatuko duen boluntariotza Txeroki-k. Eusko Jaurlaritzak ez du gai horiei buruzko informaziorik ematen, ez eta 100.2 artikuluari edo 117ari ETAko zenbat presok heldu dioten edo nortzuk diren azaltzen ere". Covitek egoera baliatu du, hain justu, preso politikoen jazarpen publikorako neurri gehiago eskatzeko: "Biktimok eskubidea dugu jakiteko ea non egiten duten lan preso horiek baimenekin irteten direnean. Hori ezkutatzeak zuzenean urratzen du gure justizia-eskubidea".

Jazarpen-kanpaina publiko horretan, nola ez, funtsezko rola izaten ari dira bai eskuin muturreko bai bestelako hedabideak. Vocento taldeko (Diario Vasco kasu), EFE eta Europa Press albiste-agentzietako edota La Sexta-ko argazkilariek eta kazetariek, adibidez, Martuteneko kartzela kanpoan itxaron diote Aspiazuri azken egunetan, bere irudiak hartzeko eta bere mugimenduak argitara emateko.

EZ DAGO IRUZKINIK