AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/24 11:47

Pasaiako Portuak eta Euskal Trenbide Sareak Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) hamabi familia bota nahi dituzte euren etxeetatik. Escalerillaseko blokean bizi dira gaur egun, Herrera kaleko 10. eta 11. zenbakietan, baina eraikina eraitsi nahi dute portuak eta trenbide sareak, merkantziak garraiatzeko trenbide bat eraikitzeko. "Horretarako, bizilagunak inolako bizitoki-aterabiderik gabe etxegabetzea da haien asmoa", Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez.

Joan den otsailean eman zuten Trintxerpeko hamabi familia horien egoeraren berri, agerraldi baten bidez. Duela gutxira arte, Pasaiako Portuak sekretupean eraman du eraikina husteko asmoa, eta duela hainbat aste esan zieten Escalerillaseko bizilagunei euren etxeetatik alde egin beharko zutela, lau hilabeteko epean.

Etxebizitza-alternatibarik ez

Etxebizitza Sindikatuko kideen esanetan, "eskualdeko etxebizitzaren egoera zein prezioa kontuan izanda, Pasaiako Portuaren 'alternatibak' hutsaren hurrengoa dira". Izan ere, titularrei "etxebizitza bat bermatzeko nahikoa ez den diru kopuru bat" eskaini diete; eta jabeak ez direnei, berriz, "beste administrazio publikoekin bitartekaritza" baino ez diete bermatu.

Sindikatuko kideek gogorarazi dute, beraz, etxebizitza-alternatibarik ziurtatuta izan gabe jarraitzen dutela arriskuan dauden familiek, eta ez dietela inolako bermerik eman ez Pasaiako Portuak, ez Pasaiako Udalak. "Milioika euroko aurrekontua duen obra honek orain arte dirua pilatu dutenek dirua pilatzen jarrai dezaten balioko du", gaineratu dute.

Elkartasuna eta mobilizazioa

Escalerillaseko bizilagun guztientzat bizitoki-alternatiba bat exijitzeko, mobilizatzera deitu du Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak. Manifestazio bat izango da ekainaren 1ean, Trintxerpen bertan: 12:00etan hasiko da Gudarien Plazatik. "Instituzioen fartsaren aurrean eta etxebizitza merkantzia gisa ulertzen duten enpresari eta politikarien aurrean, kalitatezko etxebizitza doakoa eta unibertsala zein etxegabetze guztien etena" aldarrikatu ditu sindikatuak.

Aurreko larunbatean, apirilaren 20an, Elkartasun Egun bat izan zen Trintxerpen, Escalerillaseko bizilagunei babesa emateko.

EZ DAGO IRUZKINIK