Atzo arratsaldean agerraldi bat izan zen Bilbon (Bizkaia), Poliziak indarrez hustu berri duen Etxarri II Gaztetxearen parean. "Gaur hemen batu gara aurreko ostegunean, apirilaren 3an, ertzainek Errekalde auzoko Etxarri Gaztetxe inguruan zebiltzan hainbat pertsonaren kontra gauzatutako kargak izan ziren tokian", azaldu zuten hitza hartu zuten kideek: "Prentsaurreko honen bidez, zuengana jotzen dugu gau hartan gertatu zena azaltzeko, erasoaren arduradunen aurka legezko ekintzak abiaraziko ditugula informatzeko, eta bortizkeria poliziala salatzeko".
Apirilaren 3an, arratsaldez, Etxarriren desalojoari ekin zion Ertzaintzak: sekulako polizia-dispositiboa ezarri zuen Gaztetxe aurrean, hurrengo goizean espazioa guztiz hustu ahal izateko. Desalojoaren aurka, ehunka lagun mobilizatu ziren Errekalden, baina Ertzaintzak modu bortitzean ito zuen protesta: hainbatetan kargatu zuen Etxarri inguruan bildutako jendearen aurka, baita auzotik zebilen jendearen aurka ere. Zaurituak dozenaka izan ziren, horietako bat, Iker Arana: ertzain batek foam jaurtigai batekin jo zuen, eta urgentziazko ebakuntza egin behar izan zioten pilotakada zela-eta. Horren ondorioz, testikulu bat galdu du.
Apirilaren 3a: indarkeria polizialaren kontakizuna
Arana bera atzoko agerraldian egon zen Errekalden, eta aurreko ostegunean jasandakoa azaldu zuen. "Gaueko 21:00ak inguruan, lagun batekin geratu nintzen Gaztetxe aurrean egiten ari zen kontzentraziora joateko eta gazteenganako eta okupatutako lekuarekiko solidaritatea adierazteko. Eskurtzeko institutu ingurura hurbildu nintzen, Gaztetxe ondoan", ekarri zuen gogora: "Bertan 30-40 pertsona geunden, eta ez ginen istilurik sortzen ari. Gaztetxe aurrean zeuden poliziei begira baino ez geunden [...] Giro lasaia zen, elkartasun giroa".
"Gaztetxean geundela, inguruko kaleetatik zaratak entzuten baziren ere, guk ez genuen ezer ikusi", jarraitu zuen: "Baina, halako batean, eta nahiz eta gure inguruan ezer ez ikusi eta ezer ez gertatu, ertzainek foam boladun pistolak guri begira jarri zituzten, gu aurretik abisatu gabe [...]. Bat-bateko karga hasi eta eraso egin ziguten. Eraso azkarra, zuzena, neurririk gabekoa, [...]. Gehiegikeriaz, nagusikeriaz. Ez genuen Ertzaintzaren karga polizial bat justifikatu ahal zuen ezer egin". Eta Aranak, dena den, hala xehatu zuen: "Honekin ez nabil, inondik inora, Ertzaintzak apirilaren 3an Errekaldeko gazteen aurka erakutsi zuen oldarkeria justifikatu nahian. [...] manifestari asko zauritu zituen Poliziak; bai manifestariak, bai Errekaldeko auzokideak".
Zaurituak zehaztu zuenez, beraz, Ezkurtzetik hurbil zauritu zuen ertzain batek: "Pilotakada barrabiletan zuzenean jaso nuen, nigandik metro gutxira zebilen ertzain batengandik [...]. Ikusi ahal izan nuen niri begira jarri zuela eskopeta, zuzenean". "Argi esan nahi dut: zapalkuntza ageria izan zen", salatu zuen iralarrak: "Manifestatzeko eta kontzentratzeko eskubidea urratu ziguten eta guganako zapalkuntza zuzena izan zen. [...] Ez naiz isilik geratuko, niri gertatu zitzaidana bertan zegoen edonori gerta zekiokeelako, eta kontatu ezean, normalizatu egingo litzatekeelako". Ertzaintzaren erasoaren ondorioz, sei egunez eduki behar izan dute ospitaleratuta.
Poliziaren inpunitatea jopuntuan
Atzoko agerraldian bildu zirenek gogorarazi zutenez, ordea, honakoa ez da "horrelako kasu bat gertatzen den lehenengo aldia Ertzaintzaren partetik". Gogoan izan zituzten Iñigo Cabacas, duela hamahiru urte Ertzaintzak pilotakada batez eraila Bilbon; Rosa Zarra, 1995ean hila, Donostian (Gipuzkoa) ertzainek emandako beste pilotakada baten ondorioz; Xuhar Pazos, iaz Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan Ertzaintzak foam jaurtigai batekin zauritu ondoren, begi batetik ikusmena galdu duen gaztea; edo Amaia Zabarte, ertzainek iazko martxoan foam jaurtigai batekin buruan zauritu zutena, Realaren partida baten aurretik.
Eta, begirada hurbilago jarrita, aurreko astean bertan, Etxarriren desalojoaren aurkako protestetan izan ziren kargetan zauriturik, beste bi pertsona ospitaleratu behar izan zituzten. Haietako bat atxilo hartu zuten ertzainek, eta eskuburdinekin loturik zeukatela, polizia-furgoi barruan jipoitu zuten. Bestea borra-kolpeka jipoitu zuten gorputz osoan: zortzi grapa jarri behar izan dizkiote buruan, eta igeltsua beso batean.
Bestalde, prentsaurrekoan esan zuten ertzainek inpunitate osoz erabiltzen dituzten foam jaurtigaiak zein gomazko pilotak "erabat debekatuta" egon beharko liratekeela: "Agerikoa da kalte itzulezinak eragiten dituztela eta pertsonen bizitzak arriskuan jartzen dituztela. Horretaz gain, seinalatu zuten polizia-agenteak eta haien arduradunak "erraztasunez identifikatzeko" moduan egon beharko luketela, "abusu polizialak zigorgabe gera ez daitezen".
Prozesu judizial bati ekingo diote
Agerraldian jakinarazi zuten, gainera, legezko ekintzak abiatuko dituztela aurreko ostegunean Errekalden jazotakoaren harira: "Salaketak jarriko ditugu gertakariak argitu daitezen eta polizia-jarduera horren arduradunak epai daitezen, bai [Iker Arana zaurituz] foam bala nahita jaurti zuen agentea, bai polizia-operatiboaren arduradunak". Aurrerago xehatuko dituzte pausoak.
"Badakigu prozesu luzea eta gogorra izango dela, izan ere, antzeko kasuetan ikusi dugun bezala, Estatuko instituzioek Polizia babesten dute eta gertaerak argitzea eta erantzuleak aurkitzea zailtzen dute", seinalatu zuten. Hala ere, Ertzaintzaren inpunitateari aurre egiteko asmoz, prozesu judizialari ekiteko determinazio osoa erakutsi zuten; eta "polizia-abusuen eta inpunitate polizialaren aurkako aktibazio sozialaren garrantzia" ere azpimarratu zuten, "justizia egin dadin eta Ikerrena bezalako kasuak errepikatu ez daitezen".