Ertzaintzak 2024ko martxoaren 5ean zauritu zuen Amaia Zabarte Donostian (Gipuzkoa), Reala-PSG partidaren aurreko kargetan: foam jaurtigai batekin jo zuten buruan. Ordutik hona, etengabe atera dira argitara Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzak nahiz zuzenbide-instantziek inpunitate poliziala ahalbidetzeko erabilitako trikimailuak. Zabartek eta bere senideek modu nekaezinean salatu dute hori, eta biktimaren bikotekide Joseba Novoa aurreko asteazkenean bildu zen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuarekin, Irungo (Gipuzkoa) komisarian.
Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez, Novoak Zupiriari adierazi zion nolako sufrimendua sortu dien iazko martxoan eta horren ondoren jasandakoak, eta Zabarte zauritu zuten momentuko gertakariak azaldu zizkion puntuz puntu, irudiak erakutsita. Azalpenak erabat gezurtatzen du iturri polizialek eta gobernu-iturriek emandako bertsio ofiziala. Horrek guztiak, Novoaren esanetan, mahai gainean jarri zituen "ikerketan izandako ageriko akatsak, gezurrak, [Ertzaintzako] barne-auziek manipulatutako frogak eta karga axolagabea".
Izan ere, gogorarazi zuen ertzainek kargatu eta Amaia zauritu zuten unean inor ez zela poliziei ezer jaurtitzen ari, atestatuan baietz esaten den arren. Zabarteri, gainera, ostikada eman zion ertzain batek, lurrean zauriturik zegoenean. Nahiz eta irudiek hori frogatu, Ertzaintzak Donostiako epaitegian ukatu egin du bai biktima ostikoz kolpatu izana bai foam jaurtigaiak bota izana. Gertakarien azalpena entzutean eta frogak ikustean, Zupiriak isiltasunarekin edo aitorpenik egin gabe erantzun zuen, Novoak Noticias de Gipuzkoa-ri esan dionez. "Zer nahi duzue nik egitea?", erantzun omen zuen batean.
Epaileak uko egin zion mediku batek Amaia ikusteari
Aipatutako egunkariaren arabera, epaileak hartutako erabaki baten inguruan ere hitz egin zuten Novoak eta Zupiriak asteazkeneko bileran: iazko martxoaren 12an Zabartek eta bere senideek salaketa aurkeztu ostean, biktimari mediku-azterketa bat egin ziezaiotela eskatu zuen Ertzaintzak berak, baina eskaera horri uko egin zion Donostiako epaile batek. Momentu horretan, Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) zauriturik jarraitzen zuen Amaiak. Epaitegiak ez zuen mediku-azterketarik agindu 11 hilabete igaro arte.
Frogak manipulatu zituen Ertzaintzak
Epailearen jarreraz gain, agerian geratu da barne-instantziek frogetan esku hartu zutela eta horiek manipulatu zituztela. Novoak Noticias de Gipuzkoa-ri kontatu dionez, polizia-indarraren barne-auziek "kalitaterik handieneko bideoa" erakutsi ziotenean, ezabaturik zeuden unerik problematikoenak: kargaren momentua eta ertzain batek Zabarteri ostikada eman zion momentua. Realeko prentsaren sinadura zeraman bideoak, baina Novoak irudiak zuzenean haiei eskatu zizkienean, klubeko presidente Jokin Aperribayk erantzun zion ez ziotela inolako irudirik helarazi Ertzaintzari.
Novoak bi eskaera egin zizkion bileran Segurtasun sailburu jeltzaleari: Ertzaintzako barne-auzien ikerketa berrikus dezala, batetik, eta froga modura aipatu izan den bideoa berreskura dezala, baina kargaren eta ostikadaren uneak sartuta.