Langile Kontrol Espazioen hedapenera batuz, Goierriko gazteek ostegunean hartu zuten 18 urte hutsik zeraman Ormaiztegiko (Gipuzkoa) eraikina. Taberna izandakoa, 2001ean "prebentiboki" itxi zuten istripu baten ondorioz, nahiz eta Ormaiztegiko Udalaren azterketa teknikoen arabera ez zegoen egoera txarrean. "Elkartasunean oinarritutako kultura sustatzea" helburu birjabetu zuten eraikina, eta ostiral goizean auzolanari ekin zioten.
Arratsaldean, ordea, gutxienez Ertzaintzaren lau patruila agertu ziren erakinera, eta epaileen baimenik izan ez arren, desalojatu egin zituzten gazteak. "Horren aurrean, hartu beharreko neurriak baloratzen ari gara Ertzaintzaren ekintzen gain, eta beste alde batetik, jabearekin negoziazioa martxan da", jakinarazi dute Ormaiztegiko kideek. Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareak "langile kontrolpeko guneen defentsa saretu beharra" nabarmendu du: "Haien oldarraldia ez da gure koldarraldia izango".