Arkautin (Bizkakia) biltegiratzen eta kudeatzen dituzte Ertzaintzaren foam balak, eta Naiz-ek jaso duenez, badirudi altua izan dela arma horien akats kantitatea. 2022ko urritik 2023ko urrira bitartean, Ertzaintzako hainbat komisariatatik Arkautira bueltatu zituzten 6.873 foam jaurtigai (SIR motako 4.267 eta SIR X motako 2.606), akatsen bat zutelako. 2023ko abuztuan eta irailean zehar ordezkatu omen zuten material hori.
Segurtasun Sailak berak "akastun" gisa sailkatu ditu bala horiek guztiak, baina ez du argitu zein akats zituzten zehazki. Eusko Jaurlaritzak ezagutarazi dituen datuen arabera, Brigada Mugikorrak ez zuen jaurtigai akastun bat bera ere itzuli Arkautira; komisarietatik egin ziren itzulketa guztiak.
Parlamentuan galdetu zaionean, Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak azaldu du, guztira, 1,8 milioi euro gastatu dituela gobernuak foam balak erosten, 2020tik hona. 39.000 jaurtigai baino gehiago izan dira, Eurodis Systems EspaƱa SL enpresarekin egindako kontratua tarteko. Hortaz, erositako balen ia %17,5 ziren akastunak (39.000tik ia 7.000).
Aipatutako hedabidearen esanetan, SIR balek (mutur horia daukatenak) baino irismen handiagoa daukate SIR X motakoek (berdeak), eta, teorian, lurralde-buruzagitzak baimentzean soilik erabili ahal dira. Ertzaintzaren SIR X jaurtigaiek, 40 metrotik beherako distantziatik botatzen badira, %50eko aukera dute buru-hausturaren bat eragiteko; SIR balen kasuan, 15 metrotik beherakoa da distantzia hori. Tecnaliak egindako kalkuluak dira horiek.
Berria-k iazko maiatzean jakinarazi zuenez, 2023 hasieratik 2025eko martxora bitartean, Ertzaintzak gutxienez hemezortzi aldiz erabili zituen foam jaurtigaiak jendearen aurka. Ugariak dira ertzainek material hori erabilita zauritutako pertsonak, gorputzeko hainbat ataletan: begian, belarri aldean, masailezurrean, genitaletan...