Legutioko (Araba) Desjabetuon Hoteleko kideek "salaketa politikoa" egin zuten ostiral gauean. Arratsalde horretan jasan zuten "Ertzaintzaren esku-hartzea" gaitzetsi zuten; hain zuzen ere, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen hitzaldia egitekoak ziren 18:30ean, baina hitzaldia ematea galarazi zuten ertzainek. "Okupazioaren aurkako ofentsiba" hizpide hartuta, hainbat hitzaldi zituen antolatuta ostiralerako Errakik; Azpeitian (Gipuzkoa), Altsasun (Nafarroa), Elorrion (Bizkaia), Bilbon (Bizkaia), Arrasaten (Gipuzkoa) eta Legution.
Desjabetuon Hotelean hitzaldia hasteko 45 minutu baino falta ez zirenean, "Ertzaintzaren bost patruila" bildu ziren erakinaren atarian, "mugikortasun kontrol bat" egitea aitzakia hartuta. Desjabetuon Hoteleko kideek argi azaldu dute "hitzaldia zapuzteko asmoa" zegoela horren atzean: "eraikinaren sarrerak estali dituzte hamar ertzainek". Ondorioz, hitzaldira bertaratu zirenek ezin izan zuten eraikinera sartu, eta gainera, zazpi pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak.
Desjabetuon Hoteleko kideek salatu dutenez, "osasun-krisialdiari oinarrizko eskubideen ezabatzearekin erantzun diote", eta gaur gertatutakoa "horren adibide argia da". Langileen Kontrolpeko Guneek bizi duten egoera ere seinalatu du kolektiboak, Azkoitian (Gipuzkoa) eta Beasainen (Gipuzkoa) gertatutakoa aipatuta, "lan politikoa jazartzeko testuinguru ezin hobea" dela azaldu dute.
Errakik halako espazioen babeserako egiten duen lanaren beharra nabarmendu dute, eta azpimarratu dute ostiralean jazotakoak ez duela "Legutioko militantzia sozialistaren lana oztopatuko".
Elkartasun antolatua erantzun
Bide batez, ostiralean Legutiora babesa adieraztera hurbildu zirenei eskerrak eman dizkiete: "Pandemiaren testuingurua baliatu dute langile gune okupatuen aurka egiteko, eta horri elkartasun antolatuarekin erantzutea dagokigu".