30 gazte identifikatu dituzte Beasainen, indar polizialei buruzko hitzaldi batean

'Indar polizialak kontrol sozialerako tresna' izeneko hitzaldia egiten ari ziren Beasaingo (Gipuzkoa) gaztetxean joan den ostiralean, Goierriko GKSk antolatuta. Polizia agertu, eta banaka ateratzera behartu zituzten parte hartzaile guztiak.
Argazki Nagusia
Polizia Beasaingo gaztetxean, joan den ostiralean. Argazkia: Goierriko GKS.
2021eko otsailaren 10a

"Osasun-irizpideen aitzakiapean ezarritako estatu poliziala" aztertzeko bildu ziren dozenaka gazte joan den ostiralean, Beasaingo (Gipuzkoa) gaztetxean. "Bertan geundela, indar polizialak (Beasaingo lau udaltzain eta bi ertzain) bertaratu ziren, eta eraikinetik banaka irtetera eta identifikatzera behartu gintuzten, guztira 30 bat gazte identifikatuz, horrek dakartzan ondorio ekonomikoekin", azaldu du Goierriko GKSk.


Osasun-neurri guztiak betetzen ari zirela nabarmendu dute, baina "pandemiak sorturiko egoera aitzakiatzat hartuta", gaztetxean halako ekimen politikoak eskaririk gabe egitea "debekatuta" dagoela adierazi zieten.


Goierriko GKSk gogora ekarri du, Beasaingo Udalak adibidez, hainbat tailer eta hitzaldi antolatu dituela azken asteetan, eta ondorioztatu du "helburu bakarra" zuela ostiraleko erasoak: "Politika instituzional burgesetik kanpo dagoen langile antolakuntza oztopatzea".


Legeak eta boterearen arbitrariotasuna


Goierriko GKSren hitzetan, "legalitate burgesaren ikuspuntutik" ezarritako arauak aintzat hartuta ere, "boterearen arbitrariotasunaren beste kasu bat" izan zen otsailaren 5ekoa. Izan ere, alarma egoeraren inguruko dekretuetan diotenez, lau pertsonako muga gaindi daiteke "jarduera hezitzailea" denean. "Horixe da gurean egiten ari ginena, estatuaren kontrol mekanismoek nola funtzionatzen duten jakiteko analisi tresnak eskaintzea".


Gainera, legea ez zutela ezagutzen, eta "agindutakoa" betetzen ari zirela argudiatu zuten poliziek. Jokabide horren aurkako lege artikuluak oroitaraztearekin batera, gaztetxea "gazte lonjekin" parekatu nahi izatea kritikatu du Goierriko GKSk, seinalatuz poliziek "erakutsi" zutela "ez direla gai euren lege propioa betetzeko" eta gazteei "ezabatu" egin zietela "guztiona den politikarako eskubidea".


Egoera hori "alderdi politiko instituzional guztien oniritziarekin eta kolaborazioarekin" ahalbidetu dela salatu, eta "basakeria kapitalistaren aurka antolatzeko beharra" nabarmendu dute GKSko kideek.


Joan den larunbatean, Hondarribian (Gipuzkoa) ere jazarri zituzten bi kide, Bidasoako GKSk salatu zuenez.