Gutxi gorabehera bi urteko epean, 2023 hasieratik 2025eko martxora bitartean hain zuzen ere, Ertzaintzak hemeretzi aldiz erabili ditu suzko armak jendearen kontra, Berria-k jaso duenez. Ia kasu guztietan, hemeretzi horietatik hemezortzitan zehazki, foam jaurtigaiak erabili zituzten ertzainek. Horiexek dira Eusko Jaurlaritzak egindako azken dokumentuan jasotako datu ofizialak.
Gaineratzen denez, kargak arrazoitzeko, Ertzaintzak bederatzi kasutan argudiatu zuen "pertsonentzako arrisku handiko desordena publikoei" aurre egiteko beharra zegoela, eta beste bederatzitan pertsonaren bat "menderatzea" behar zela. "Desordena publikoei" lotutako egoera horien erdia, bost alegia, futbol-partiden harira izan ziren; bi Bilbon (Bizkaia) eta hiru Donostian (Gipuzkoa). 2023ko martxoan adibidez, Realak eta Erromak Donostian indarrak neurtu zituzten egunean, hamahiru SIR jaurtigai eta 25 SIR-X bota omen zituzten ertzainek jendearen kontra. Badirudi azken arma mota hori gainerakoak baino arriskutsuagoa dela, eta distantzia handiagotik jaurti behar direla berez.
Dena den, Jaurlaritzak ez du argitu poliziek zenbat lagun zauritu dituzten foam jaurtigaiekin egindako karga horietan: aitzakiatzat hartu du medikuen txostenak falta direla edo, kasu batzuetan, jaurtigaiek ez omen zutela inor jo. Aski ezagunak dira, ordea, ertzainek foam jaurtigaiekin jota zauritutako pertsonen kasuak: 2024ko Inauterietan gutxienez hiru gazte zauritu zituzten Tolosan (Gipuzkoa), 2024ko martxoan Amaia Zabarte zauritu zuten Donostian Realaren partida baten aurretik (nahiz eta Ertzaintzak epaitegian esan duen ez zuela foam jaurtigairik bota), eta abar.
Bestalde, azken bi urteetan izan diren gainerako kasuen artean daude 2023ko azaroko kargak Donostian, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) PSOEk palestinarren genozidioan daukan ardura seinalatzeko egindako protestan; 2024ko martxoaren 3ko kargak Gasteizen (Araba), 1976ko sarraskian eraildako langileen oroimenezko manifestazioan; goizalde batean Urduñako (Bizkaia) taberna baten kanpoan egindako karga; eta, itxura denez, "arazo psikiatrikoak" dituzten pertsonen aurka egindako lau karga, haiek "menderatzeko" asmoz.
Gobernuak egindako balantzetik kanpo geratzen dira, gainera, 2025eko apirilaren hasieran Bilboko (Bizkaia) Errekalden izandako gertakariak. Etxarri II Gaztetxearen desalojo-prozesuan, hainbatetan kargatu zuten ertzainek hustearen aurka mobilizatutako pertsonen kontra, eta asko izan ziren zaurituak. Horietako bat da Iker Arana, barrabil bat galdu baitzuen foam jaurtigai baten kolpearen ondorioz.