Ikerketa bat argitaratu berri du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ararteoak: udal polizia-indarrek eta Ertzaintzak zenbat zaintza-kamera kontrolatzen dituzten aztertu du. 2022ko zenbaketen arabera, guztira, gutxienez 4.347 kamera dituzte martxan ertzainek eta lekuan lekuko udaltzainek; 2.171 Ertzaintzak, eta 2.176 udalek.
Hiru hiriburuen artean, Gasteiz (Araba) da udal kamera gehien dituena: 600. Donostian (Gipuzkoa) 350 kameratara daukate sarbidea udalak eta udaltzainek, eta Bilbon (Bizkaia), berriz, 265 dituzte. Hiru hiriburuetan dituzte kamera finkoak nahiz mugikorrak.
Beste udal batzuetako datuak aipatzearren, 265 zaintza-kamera ditu udalak Getxon (Bizkaia), Bilbon bezainbeste; 138 Ermuan (Bizkaia), 127 Basaurin (Bizkaia), 103 Errenterian (Gipuzkoa), 84 Irunen (Gipuzkoa), 75 Portugaleten (Bizkaia) eta 71 Zumarragan (Gipuzkoa).
Ertzaintzak erabilgarri dituen zaintza-kamera gehienak finkoak dira; alegia, 2.037. Gainerako 134 gailuak, berriz, mugikorrak dira. Arartekoaren esanetan, Ertzaintzak kamerak ditu, esaterako: bulegoetan, kirol instalazioetan, kultur eraikinetan, errepideetan, hiriguneetan, espazio publikoko eskailera mekanikoetan edota hiri-garraioan. "Barruko hainbat lekutan" ere baditu kamerak: Arartekoak berak zehaztu gabeko lantokietan, korridoreetan, aretoetan, bulegoetan, liburutegietan, igogailuetan, eta abar.