Amaia Zabartek, azkenean, atzo deklaratu zuen Donostian (Gipuzkoa), Gipuzkoako Auzitegian hain zuzen ere. Hamar minutuz baino ez zituen deklarazioak egin. Zabarteren senide batek gaineratu zuen "amorru handiko eguna" ere bazela atzokoa eurentzat, hamahiru hilabete daramatzatelako "zain" eta, gaur egun, oraindik ez dietelako zehaztu zein ertzainek zauritu zuen larriki emakume realzalea. Oraingoz, polizia-agente bat bera ere ez dago inputatuta Amaiak jasotako pilotakadagatik.
2024ko martxoaren 5ean zauritu zuen Poliziak, Donostiako Reale Arena futbol-estadio inguruan, eta Ertzaintzak, teorian, ordutik dauka martxan erantzuleak aurkitzeko barne-ikerketa bat. Momentuz, baina, foam jaurtigai batekin jota zauritu ostean Amaiari lurrean ostikada bat eman zion ertzaina besterik ez dute identifikatu; ofizialki, behintzat. Eta agente horrek, gainera, ukatu egin du emakumea ostikoz jo zuenik: "estropezu egin" zuela deklaratu du, nahiz eta bideo batek erakutsi zuen ostiko egin ziola. Biktimaren defentsak azaldu du bideoan "argi" ikusten dela polizia "geratu" egiten dela Amaiaren aurrean, "bere ezkerrerantz biratzen" dela, "hanka atzera botatzen" duela eta "ostikoz jotzen" duela.
Amaiaren abokatuak, Iker Sarriegik, atzo gogorarazi zuen oraindik ertzain batek berak ere ez duela epaitegian azalpenik eman; "ez lekuko bezala, ez inputatu bezala". Salatu zuen, hala, "ikerketa eraman" beharko luketenak, "erakunde eskudunak" alegia, ez direla ari "ezer egiten".
Ertzaintzak, momentuz, ukatu egin du karga horietan foam jaurtigaiak erabili izana jendearen aurka. Hala ere, Sarriegik atzo nabarmendu zuenez, Zabarteri egindako azterketa forentseak frogatzen du zituen lesioak "erabat bateragarriak" zirela foam jaurtigai baten kolpearekin. Gainera, buruaren ezkerraldean zeukan kolpea, eta aipatutako bideoan ikusten da nola zihoan korrika eta, bat-batean, eskuinerantz jausi zen. Ertzaintzak zauritutako bigarren emakume baten kasua ere ikertzen ari dira gaur egun, auzi hori ere hasieran artxibatu egin zuten arren.