AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/13 19:37

Atzo, Athleticeko eta Bartzelonako gizonezkoen futbol partidaren aurretik, Athleticeko hainbat zaletu jazarri zituen Ertzaintzak Bilbon (Bizkaia). Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, ertzainek zale batzuk jarraitu zituzten kalean, eta haien kontra jo zuten: atxikirik izan zituzten kalean, eta identifikatu eta miatu egin zituzten. Hogeitik gora izan ziren identifikatuak.

Zaletu horien kontra jotzeko arrazoi modura, ertzainek aditzera eman zuten "arrisku handikoa" zela atzo San Mamesen jokatu zen futbol partida. Zaleek azaldu dutenez, kalean zeudela egin zuten beren kontra polizia-agenteek, eta modu arbitrarioan aritu ziren identifikatu eta miatu beharreko pertsonak hautatzen. Antza, zenbait ertzainek hatzarekin seinalatu zituzten hainbat eta hainbat zaletu, eta horiek identifikatu eta miatu zituzten gerora gainerako agenteek.

Poliziek, gainera, klubeko bazkide txartelak lapurtu zizkieten hainbat zaleri, legez kontra. Horrekin lotuta, mehatxu egin zieten zaletuei: txartel fisikoen faltan, txartel elektronikoez baliatuta San Mames estadiora sartuz gero, zigortu egingo zituztela esan zieten ertzainek. Handik bi ordura, jazarriak izan ziren lagunek klubaren dei bat jaso zuten telefonoz. Zehazki, euren bazkide txartelak estadioko leihatilan zeudela esan zieten, eta bila pasatzeko.

"Gehigikeria polizial horrek ez du inolako oinarri legalik, eta azkenaldian Athleticeko zaletu batzuon aurkako eguneroko ogia bihurtu dira", gaitzetsi dute zaletuek. Hala, "Ertzaintzaren eta Klubaren arteko konplizitate osoa" ere salatu dute. "Ondo dago Bartzelona kritikatzea, gaur egungo futbola bilakatu den mafia kapitalista horren aurka borrokatzea, baina ez dezagun ahaztu Athletic Club ere mafia horren parte dela", gehitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK