AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Errondoko Auzo Etxea
2021/01/31 10:31

Atzo Errondoko Auzo Etxera sartu zen Ertzaintza. San Inazion (Bilbo, Bizkaia) dago birjabetutako espazioa, eta Ertzaintzaren hainbat patruila eta furgoneta bat bertaratu ziren goizean, baita kalez jantzitako zenbait polizia-agente ere. Gazte Koordinadora Sozialistak egun osoko jardunaldiak prestatu zituen atzorako Errondoko Auzo Etxean eta, antza, horren harira joan ziren hara polizia-indarrak. Esan zuten "segurtasun neurriak betetzen zirela bermatzea" zela haien asmoa.

Barruan zegoen kide bat identifikatu zuten ertzainek eta, horren ostean, alde egin zuten "besterik gabe". Itzuliko zirela adierazi zuten arren, ez zen hala izan, eta Bilboko GKSk antolatutako jardunaldiak egiteko aukera izan zen azkenean.

Errondoko Auzo Etxeko kideek salatu zuten ez dagoela "horrelako dispositiboa mobilizatzeko beharrik" neurriak "betetzen direla egiaztatzeko". "Indar erakustaldia egiteko eta gu guztiok beldurtzeko baino ez dira honaino etorri, beste hainbat gaztetxe eta gune autogestionatutan egin duten bezala", esan zuten.

"Badakigu langile klaseak aurrera eramandako jardun politiko eta sozial oro kontrolatu eta gelditzeko erabiltzen ari direla segurtasun neurrien aitzakia, egunero etxe kaleratzeak, lan kaleratzeak eta dirulaguntzak ukatzen dituzten bitartean", ondorioztatu dute. "Gure partetik, lanean jarraituko dugula argi utzi nahi dugu".