Larunbatean Jare Kuartela ekimena izan zen Oñatin (Gipuzkoa). Azken urteetan hamaika mobilizazio eta ekimen egin dituzte Oñatin, Guardia Zibilak herrian duen presentzia salatzeko. Testuinguru horretan gertatu ziren herriko bost gaztek salatutako erasoak.
Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, kale-jantziekin zein uniformez jantzitako 10 ertzain inguruk erasotu zituzten gazteak, "borra luzagarriak erabiliz". Larunbat gauean kontzertuak izan ziren Oñatiko Gaztetxean, eta amaitu zirenean gertatu zen erasoa. Plazara bidean zeudela, ertzainak ikusi zituen gazteetako batek, eta hala, lagunei ohartarazi zien bertan zeudela "zipaioak".
"Zipaio le vas a llamar a tu puta madre" eta antzeko biraoen artean, kolpatuak izan zirela azaldu dute gazteek. "Ubeldu eta kontusio" ugari dituzte eskuetan zein hanketan. "Erabilitako bortizkeriaren erakusgarri gisa", adierazi dute ertzainetako baten borra hautsi egin zela.
Salaketarik ez, eta hausnarketa mahai gainera
Erasotuek esan dute euren "anonimotasuna" mantendu nahi dutela, eta ez dutela salaketa legalik jarriko. Izan ere, salaketa jartzeak eragin ditzakeen "ondorioak eta errepresioa ekidin" nahi dituztela azaldu dute.
Ertzainak "norbaiten zain" zeudela uste dute erasotuek, egun horretan Jare Kuartela ekimena izan zelako. Bestalde, eguna "inolako arazorik gabe" pasatu arren erasoa jasan izanak zer pentsatua eman die bost gazteei, eta egin dituzten hausnarketak partekatu nahi izan dituzte. Beraiek "parean" zeudelako erasotu zituztela baina "edonor" izan zitekeela salatu dute, eta galdera bat mahaira atera dute: "Nor izan daiteke hurrengoan?".