Funtsezko testigantza bat atera dute mahaira Donostiako (Gipuzkoa) epaitegian, 2024ko martxoaren 5ean Reale Arena inguruan izandako karga polizialen auzian. Izan ere, bideo batek erakutsitakoa baieztatu du lekuko batek: ertzain batek ostikada eman zion lurrean zauriturik zegoen pertsona bati, Amaia Zabarteri hain justu. Ertzaintzak foam jaurtigai batekin zauritu zuen Amaia, eta lurrera erori zenean, ostikadaz jo zuen polizietako batek.
Biktimari momentuan lagundu zion pertsonetako bat da lekukoa. Zabarteren abokatuak jakinarazi duenez, epaitegian deklaratu du jada: azaldu du egun horretan lagun baten zain zegoela kalean, eta eztanda bat entzun zuela bat-batean; Ertzaintzak Amaiaren kontra jaurti zuen foam bala, itxuraz. Leherketa hori entzun eta berehala ikusi zuen nola emakumea lurrera jausten zen. Altxatzea lortu zuen arren, berriz erori zen, eta lekukoaren esanetan, ertzainek une horretan jo zuten bere kontra: Zabarteri bultza eta ostikada bat eman zioten. Testigua eta bere lagun bat orduan joan ziren biktimari laguntzera, eta orduan esan zien berak Poliziak "pilotakada" bat eman ziola "buruan", ezkerreko aldea seinalatzen zuen bitartean.
Aurreko ostiralean deklaratu zuen lekuko garrantzitsu horrek. Gertakariek nahiko argiak badirudite ere, ertzainek orain arte egindako deklarazioetan, ukaezina zirudiena ukatu dute: Amaiari ostikoa eman zion agenteak esan du "estropezu egin" zuela, eta egun horretan Ertzaintzaren hiru furgonetaren ardura izan zuen poliziak defendatu du ez zuela ikusi inork Zabarte kolpatu zuenik. Harago ere joan da buru hori: adierazi du ertzainek ez zutela foam jaurtigairik erabili jendearen kontra, nahiz eta frogak nabariak diren: gutxienez hiru lagun zauritu zituzten arma horiekin, tartean, Amaia Zabarte bera.
Hain zuzen, beste biktima batek jarritako salaketa dela-eta, Ertzaintzako beste hainbat agentek ere deklaratu zuten Donostian aurreko ostiralean. Zabarteren abokatuak emandako informazioaren arabera, agenteetako batzuek esan zuten ez dutela oroitzen egun horretan zein tokitatik egin zituzten jaurtiketak; eta beste batzuek, berriz, defendatu dute salbak soilik erabili zituztela.