Errotxapean (Iruñerria, Nafarroa) emakume bat hil zuen atzo gizonezko batek. Elkarrekin bizi ziren etxabe batzuetan. Hori dela-eta, hainbat mobilizazio deialdi egin ditu Euskal Herrian Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Errotxapean bertan biharko antolatu du protesta bat: Maiteminduen Parkean izango da, 19:30ean. Beasainen (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia) edota Gernikan (Bizkaia) ere egingo ditu elkarretaratzeak Itaiak.
Tolosan (Gipuzkoa), bestalde, 18 urteko gizonezko bat atxilotu dute berriki, hainbat emakumeri sexu-erasoak egiteagatik. Adin txikikoak dira horietako batzuk. Erasoak salatzeko, mobilizatzera deitu du Tolosaldeko Itaiak. Gaur arratsaldean, 19:00etan, kontzentrazio bat egingo du Tolosako Euskal Herria Plazan.