AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/09/02 10:12

Prozesu judizial luze baten ostean, bazegoen ezarrita Errotxapeako Gaztetxearen desalojorako egun bat: irailaren 2a. Gaztetxeko kideek 08:30ean eraikinera bertaratzera deitu zuten, baina polizia ere goizean goiz joan da hara. Gaztetxe inguruan polizia-lerroa osatu, hurbiltzen ari ziren pertsonak identifikatu eta gaztetxera gehiago gerturatzea galarazi die Espainiako Poliziak. Hala ere, jende ugari batu da gaztetxeko kideen mobilizazio deialdira, eta ozen entzun dira gaztetxearen aldeko oihuak goizeko aurreneko ordutik.

Poliziak 09:00ak aldera jo du gaztetxeko atea, baina ez da erantzunik izan. Sarrailagile batek zuzenean ekin dio atea irekitzeari, eta hala lortu dute poliziek barrura sartzea. Ondoko zenbait industria-nabe zabaldu eta horietara ere sartu dira, eta makineria astunarekin lanean hasi dira pixkanaka. Topatu dituzten oztopoak (hormigoizko hormak nahiz hesiak) kendu dituzte barruratzean, eraikuntza enpresa bateko langileen laguntzarekin.

Dirudienez, asmoa da gaur bertan jartzea martxan Errotxapeako Gaztetxearen eraisketa, baita inguruko lantegiena ere.

Kargak eta atxilotuak

Polizia-lerroa zela-eta, gaztetxe ingurura bertaratu direnek ezin izan dute eraikinera hurbildu. Polizia 10:00ak baino lehen oldartu da haien aurka aurrenekoz, eta gomazko pilotak nahiz borrak erabili ditu horretarako; zaurituak izan dira. Hala ere, oldarraldiari aurre egin diote askoek. Espainiako Poliziaren karga gogor horretan atxilotu dute pertsona bat.

Errotxapea hartu eta kanpoaldera ere mugitu da gero Espainiako Polizia; protestariek inguruetara alde egin behar izan dute kargaren ondorioz. Zelaietan nahiz inguruetan jende bila aritu dira poliziak, eta beste bost pertsona atxiki dituzte hala. Haiek ere eraman dituzte atxilo.

Hainbat lekukok azaldu dute polizia-agenteek ez zeukatela identifikaziorako inolako bereizgarririk.

Txintxilla kaleko polizia-etxera eraman dituzte atxilotutako lagunak. Hara joateko deia egin du Errotxapeako Gaztetxeak, eta jende ugari elkartu da eguerdian. Barrura sartzen saiatu da atxilotuetako baten senide bat, baina poliziek ez diote utzi.

Iluntzean baieztatu ahal izan dutenez, atxilotuek polizia-etxean igaro beharko dute gaua.

Mobilizazio jendetsua

Gaztetxearen hustea salatzeko eta atxilotuen askatasuna exijitzeko protestara deitu dute arratsalderako. 20:00etan Errotxapeako Plaza Gorrira bertaratzera deitu dute, baina debekatu egin dute deialdia. Hortaz, ordu berdinean Maiteminduen Parkera joatera deitu dute gaztetxeko kideek. Ehunka lagun elkartu dira han.

EZ DAGO IRUZKINIK