AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / TRT
2023/04/17 10:56

Frantziako Konstituzio Kontseiluak joan den ostiralean eman zuen pentsioen erreformari buruzko bere ebazpenaren berri. Neurri berrien artean zeuden sei artikulu baliogabetu baditu ere, oniritzia eman die erreformak jasotzen dituen aldaketa nagusiei: erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzea onartu du. Hala, erretretaren erreforma errealitate bat da jada: Konstituzio Kontseiluak aldeko ebazpena eman ondoren, Emmanuel Macron presidenteak Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen erreforma larunbat goizaldean, 04:00ak aldera.

Bitartean, hiru hilabeteren ostean, aurrera doaz karriketan neurri berrien kontrako protestak. Ostiral gauean, beste 150 pertsona atxilotu zituzten Parisen eta Rennesen. Aurreko ostegunean, hilaren 13an, urteko hamabigarren greba egun handia izan zen Frantziako Estatuan.

Azken berriekin, sindikatuek uko egin diote gobernuarekin biltzeari; berez, astearterako deitu zuen bilera bat haiekin gobernuak. Sindikatuek esan dute ez direla gobernuarekin bilduko neurri berriek aurrera egiten badute, eta mobilizazioak iragarri dituzte maiatzaren 1erako. Irailaren 1ean sartuko litzateke indarrean pentsioen erreforma, eta badirudi ez dela aldaketarik izango jada.

Konstituzio Kontseiluaren ebazpena

Erretretaren erreformaren zutabe nagusiak onartzeaz gain, Konstituzio Kontseiluak atzera bota du erreferendum bat egiteko oposizioaren ekimena. Pentsioen erreformaren sei artikulu ere baliogabetu ditu, bereziki, enpresa handietan 55 urtetik gorako langileen kontratazioa sustatzeari buruzkoa.

EZ DAGO IRUZKINIK