AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/02 09:47

Urtea hasi zenetik, astez aste egin du gora gasolinaren prezioak Espainiako Estatuan. Horren arrazoiak dira, ustez, petrolioaren garestitzea eta mugikortasunaren areagotzea, pandemiari lotutako mugikortasun-neurriak aldatu ostean. Aurreko astean, batez beste, 1,52 euroan zegoen gasolina litroa; historian erregistratu duten bigarren preziorik altuena da hori. Gasolioa, aldiz, 1,403 eurora igo zen joan den astean; prezioa ez da galga horretaraino heldu 2013tik.

Joerak bere horretan jarraitzen badu, gasolinak aurki gaindituko du orain arteko errekor historikoa. 2012ko irailean izan zen inoizko preziorik altuena: 1,522 euro. Gasolioaren errekor historikoa 1,443 eurokoa da.

Iazko azaroan ere errekor historikotik hurbil egon zen gasolinaren prezioa, baina behera egin zuen urteko azkeneko asteetan. Urtea hastearekin batera, ordea, gora egin du berriz prezioak; joera horri eusten dio oraindik.

55 litroko depositua betetzeak, beraz, 84 euroko kostua dakar gasolinaren kasuan, eta 77 eurokoa gasolioaren kasuan; iaz baino 17 eta 16 euro gehiagoko kostua, hurrenez hurren.

Europar Batasuna osatzen duten gainontzeko estatuetan ere igo da erregaien prezioa, 27 estatuetako batez besteko zenbatekoei erreparatuz gero. Aurreko astean, gasolinaren batez besteko prezioa 1,66 eurokoa izan zen, eta 1,547 eurokoa gasolioarena.

%6ko inflazioa

Pare bat aste barru jakinaraziko dute Espainiako Estatuko inflazioaren datua, baina INE Estatistika erakundeak aurreratu duenez, %6koa izan daiteke hurrengo ehunekoa. Inflazioa %6,5ekoa zen iazko abendu bukaeran. Dirudienez, zertxobait behera egin du orain argindarraren prezioak, eta horrek eragin dezake inflazioa ere jaistea.

EZ DAGO IRUZKINIK