Desokupen eta polizia-indarren jazarpena jasaten ari dira hainbat pertsona Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoan. Bizilagun horiek denbora daramate Diaz Emparanza Doktorearen Kaleko zenbait eraikinetan bizitzen, eta haiek etxegabetu nahian ari dira Fuera Okupas desokupazio-enpresa eta Polizia. Eraikin horiek urteak daramatzate bestelako erabilerarik gabe, baina Errekaldeko zonalde hori urbanizatzeko plan bat dela-eta, hustu egin nahi dituzte orain, bertan bizi diren pertsonak kaleratuta.
Duela zenbait aste agertu ziren lehenengoz Fuera Okupaseko matoiak. Eraikin horietan bizi diren pertsonei mehatxu egin zieten, eta haiek kanporatzen saiatu ziren. Gutxienez bi aldiz izan dira bertan desokupa faxistak, baina haiei presioa egitera hurbildu den jendeari esker, alde egin behar izan dute azkenean.
Poliziaren erasoa gaurkoan
Gaur, berriz, Bilboko Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira Diaz Emparanza Doktorearen Kalera, aurretik desokupek egin bezala, aipatutako eraikinetan bizi diren pertsonak botatzen saiatzera. Eraikinetako batean sartu da Ertzaintza, eta bertan zeuden bizilagunak jazarri ditu. Haietako bat kanporatu eta atxilo eraman dute poliziek, eta hainbat identifikatu dituzte.