Espainiako Gobernuak Aurrekontu Plan bat bidali zion Europar Batzordeari, bi agertoki posibleren aurreikuspenarekin. Batak, orohar, kontu publikoen zifrak onartzen zituen, zeinetan krisiaren aurkako neurri nagusien amaiera 2022ko abenduaren 31rako finkatzen baitzen. Besteak, ordea, gizarte-ezkutua luzatzea aurreikusten zuen, har zitezkeen neurrien kostuarekin batera. Bigarren eszenatoki hori da sinesgarriena EFAIren ustez. Gauzak, horrela, zalantzan jarri ditu Pedro Sanchezen gobernuaren aurreikuspenak: 2025ean defizita %3tik behera jaistea espero duela dio.
"Akatsekin" eta "errealismo faltarekin" datozela ondorioztatu du Agintaritza Fiskalak. 2022rako erabiltzen diren diru-sarrera ofizialen aurreikuspenak benetan izango direnen azpitik daudela ohartarazi du, "argi eta garbi". Gainera, horiek ez dira bat ez datozen kontu bakarrak. Errenta aberatsenen gaineko zergak, esate baterako, 1.270 eta 1.370 milioi euro bilduko ditu datozen bi urteetan, hurrenez hurren. Diru-sarrera horiek, ordea, ez daude Madrilen kontuetan jasota, 1.500 milioi euroko bilketa aurreikusten baita han.
Atzeraldi teknikoa 2023an
EFAIk Espainiako Estatua atzeraldi teknikoan sartzea espero du, ia berehala. BPGaren hazkundea uztailetik irailera zero ingurukoa edo oso txikia izan ondoren, negatiboan sartuko da 2022ko laugarren hiruhilekoan eta 2023ko lehenengoan. Horrela, ondoz ondoko sei hilabeteko beherakadarekin kateatuko da. Aurrekoa atzeraldiaren definizio tekniko ofiziala da, Agintaritza Fiskalaren analisi makroekonomikoaren ataleko zuzendaritzak gogora ekarri duenez. Zehazki, hurrengo bi hiruhilekoetan ekonomia %0,2 eta %0,3 artean jaitsiko dela uste du, gobernuak espero duena baino baino hazkunde erreal txikiago baten eskutik.