AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/03 13:36

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik aurreko urtearen amaieran jakinarazi zuten itun bat hitzartu zutela, Iruñeko (Nafarroa) Erorien Monumentu faxista eraitsi beharrean, hura mantentzeko eta bere "esangura" aldatzen saiatzeko. Akordioak haserrea sortu du elkarte memorialistetan eta jendartean, eta horren erakusle izan zen urtarrilaren 18ko manifestazio jendetsua: milaka pertsonak exijitu zuten oroigarri frankista eraitsi dezatela. Hala ere, ez ikusia egiten segitzen dute hiru alderdiek: udalbatzarraren osteguneko osoko bilkurari begira, oraintsu aurkeztu dute adierazpen bat, euren ituna babestuz eta berretsiz.

Literalki hala aitortzen du Iruñeko EH Bilduk X sare sozialean argitaratutako mezuak, euren asmoen berri emateko: "EH Bildu, PSN-PSOE eta Geroa Baik adierazpen bat aurkeztu dute Erorien Monumentuaren inguruko akordioa babesteko". Eta alkatetzan buru den alderdiak bere web-orrian kaleratutako testuak ere argi aurreratzen du: "Erorien Monumentua izendatutakoa eraldatzeko eta Maravillas Lamberto Interpretazio Zentroa sortzeko akordio politikoa" defendatuko dute hiru taldeek.

"Testuan, Interpretazio Zentro berriaren edukia definituko duen Adituen Batzorde bat sortzeko eskaria dago, Nafarroako Gobernua sustatzen ari den Memoriaren Institutuaren helburuekin koordinatuko dela ziurtatuz", dio EH Bilduk. "Proiektuaren kalitatea bermatzeko, herritarren parte-hartzean oinarrituko den proiektuen lehiaketa bat egitea" proposatuko omen dute alderdiek, "akordioaren terminoetara hobekien egokitzen den proposamena hautatzeko". Eta Joseba Asironek gidatutako alderdiak gaineratzen du: "Talde politiko sinatzaileek proiektuen lehiaketa ahalik eta lasterren bultzatzea adostu dute, akordioaren baldintzak eta diziplina anitzeko epaimahaiaren izendapena islatuko dituzten oinarri zehatzak barne". Aipatutako prozesua "parte-hartzailea, informatiboa eta pedagogikoa" izango duela esan du EH Bilduk, nahiz eta abiapuntua garbi dagoen: ez du kontuan hartu Erorien Monumentua eraisteko hainbeste herritarrek egindako eskaera.

"Eraikinaren eraldaketa eta etorkizuneko Maravillas Lamberto zentroaren kudeaketa Iruñeko Udalaren ardura izango dira. Hala ere, Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza sustatuko da memoriaren politika publikoen esparruan proiektu esanguratsu hau bultzatzeko ", zehaztu du, bestalde.


Irakurri hemen borroka memorialistako kide Joaquin Iraizozi azaroan egindako elkarrizketa: "Erorien Monumentuaren genesia argi dago".

EZ DAGO IRUZKINIK