AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/05 11:42

Oraingoan ere, babes handia ematen ari dira Elkarte Memorialisten Plataformak Iruñean (Nafarroa) egindako mobilizazio-deialdiari. Erorien Monumentu faxista eraitsi dezatela exijitzen ari dira, eta aldarri hori kaleratzeko asmoz antolatu dute manifestazio bat larunbat honetarako: 18:00etan abiatuko da Erorien Monumentutik. Hainbat arlotan lan egiten duten 60 pertsonak eman diote atxikimendua deialdiari, eta gaur goizean, gainera, agerraldi bat egin dute Iruñerriko zenbait kolektibok eta sindikatuk, manifestazioa babestuz.

"Frankismoaren biktimek eta elkarte memorialistek Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko" egindako aldarria defendatu dute prentsaurrekoan, eta larunbateko mobilizazioan parte hartzera deitu dute, "exijitzeko ikur frankista hori behingoz Iruñeko kaleetatik ken dezatela". Agerraldian parte hartu dute hainbat sindikatuk, baita Iruñerriko zenbait kolektibok ere; hala nola Mugarik Gabek, Zabaldik, Lunes Lilasek, Harituk eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistak.

"Faxismoa berpiztu eta diktadura frankistaren aurpegia garbitu nahi duten joerei aurre egiteko modu bakarra da gatazka ideologikoa eta iraganeko ekintzei zilegitasuna kentzea. Sendo, argi eta garbi", azaldu dute: "Biktimek erreparaziorako duten eskubidea eta ez errepikatzeko bermeak jartzeko modu bakarra da egunero berriro biktimizatzen dituzten ikurrak ezabatzea, [...] bakar bat ere zutik ez gelditzeko. Ezta Eroriak ere".

Hiru alderdien planak ez du balio

Gaurko prentsaurrekoan berriz jarri dute jopuntuan PSNren, EH Bilduren eta Geroa Bairen plana, haien asmoa baita monumentu frankista mantentzea eta bere "esanahia aldatzen" saiatzea. "Bere hilobi-balio historikoagatik gorespen faxistaren ikurrari eusteak biktimen egiarako eta justiziarako eskubidea urratzen du, Memoria desitxuratzen baitu", seinalatu dute: "Memoria ez dago ikur frankistetan, biktimengan baizik, Memoria eta Historia baitira. Errepresaliatuengan, hobietan, bide-bazterretan eta haien oroigarri gisa eraikitako memorialetan dago".

Horri lotuta, berriz nabarmendu dute Iruñeko udal-gobernuaren (EH Bildu) erantzukizuna: "Iruñeko Udalak herritarren parte-hartzea bere nortasunaren ezaugarria dela esaten badu, hori frogatzeko urratsak eman behar ditu; adieraberritzea alde batera utzi eta Eroriei buruzko erabakitzeko prozesua hasi, kontuan hartuta biktimak eta herri-interesen defentsarekin konprometitutako gizarte-kolektiboak, frankismoak errepresaliatutakoak gureak zirelako".

EZ DAGO IRUZKINIK