AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/04 11:13

Erorien Monumentu faxista mantentzeko akordio bat adostu zuten iaz Iruñeko (Nafarroa) PSN, EH Bildu eta Geroa Bai alderdiek, eta erabaki hori berretsi dute aurten, elkarte memorialisten eta hamaika kolektiboren haserrea areagotuz. Akordio instituzionalak abagunea eman die talde faxistei, oroigarri frankista babesteko mugimenduak egiteko.

Iazko abenduan, esate baterako, Navarros todos y la historia completa izeneko plataforma baten berri eman zuten. Talde faxista horren helburua da Erorien Monumentua ez dezatela ukitu, ezta "beste esanahi bat ematen" saiatzeko ere, aipatutako hiru alderdi parlamentarioek dioten bezala. Jarrera horrekin bat egiten dute UPN eta PP alderdiek, aldarrikatu baitute dagoen modura utzi behar dela eraikina. 

Navarros todos y la historia completa plataformak dio erakunde publikoek "historiaren ikuspegi oker eta gezurrezko bat inposatu" nahi dutela, eta pausoak ematen ari da monumentu faxistak duen babes legala handitzeko. Aurreko astean, ekinaldi legegile bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, iazko abenduan aurreratu zuen bezala, Erorien Monumentua interes kulturaleko ondare izendatzeko tramiteak egin nahi baititu, uki ez dezaten. Badirudi, dena den, momentuz ez dela proposamena aurrera aterako, eskuineko alderdiek ez daukatelako horretarako nahikoa babes parlamentuan.

Oroigarri frankistaren aldeko ekinaldia justifikatzeko, faxisten plataformatik esan dute balio artistikoa duela monumentuak, eta "iruindarren kalterako" izango litzatekeela hura aldatzea edo botatzea. Hala ere, faxismoaren aldeko euren jarrera agerian utziz, gaineratzen dute "hiriko historiaren parte" dela frankismoa goratzen duen eraikin hori. Parlamentura jotzeaz gain, auzitegira ere jo dute: salaketa bat jarri dute administraziorako epaitegian. Teorian, arkitekto baten txostenak lagunduta, aldarrikatu dute interes kulturaleko ondare izendatu beharko litzatekeela Erorien Monumentua. Salaketa tramitatzen ari dira.

EZ DAGO IRUZKINIK