AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / elDiario.es bidez
2024/12/23 11:07

Iruñeko (Nafarroa) Erorien Monumentua "babesteko" lanari ekin dio faxista talde batek. Navarros todos y la historia completa izeneko plataforman elkartu dira, eta hainbat iniziatiba abiatu dituzte, oroitarri frankista ukitu gabe manten dezatela eskatzeko. PSN, EH Bildu eta Geroa Baik azaroan aurkeztu zuten monumentu faxistari buruz lortu duten akordioa. Erabaki dute oroigarria ez eraistea, hari "beste esanahi bat ematea" lehenetsi baitute. Urte luzez monumentua bota dezaten borrokan aritu diren elkarte memorialistek gogor kritikatu dute akordioa, nabarmenduta ezin zaiola esanahi desberdin bat eman eraikin frankistari. Navarros todos y la historia completa plataformak, bere aldetik, esan du lan egingo duela monumentuari "beste esanahi bat ematearen" kontra.

Hainbat hedabidek jakinarazi dute "nostalgiko karlistak" direla aipatutako plataforman bildu direnak. Hala, Elkarte Tradizionalista Karlistako Telmo Aldaz de la Quadra-Salcedo da hitza hartu duen kideetako bat: "Txiki-txikitatik joan nintzen monumentu horretara meza entzutera eta gure arbasoak ohoratzera, beren nagusien fedea eta erlijioa defendatzeagatik hil zirenak". Espainiako Estatuko Gerra Zibilean gudara joan ziren faxistak omentzen ditu eraikinak, baina guda hori "Gurutzadatzat" jo du Aldaz de la Quadra-Salcedok, eta esan du "nafarrei maitasun-ekintza bat" dela monumentua. Antolatu diren faxistek exijitu dute dagoen bezalaxe manten dezatela monumentua.

Hainbat iniziatiba martxan

Agerraldi batean azaldu dute zein ekimen jarriko dituzten martxan, eta bertan izan dira Nafarroako Voxeko kideak ere. Eraikina Interes Kulturaleko Ondasun (BIC, gazteleraz) izendatzea nahi dute, eta peritu-txosten zalantzagarri bat aurkeztu dute horretarako, monumentuari edozein esku-hartze arkitektoniko egin diezaiotela ekiditeko. Gaur egun ere badu babes legala oroigarriak, 2-3. mailakoa, eta horrek zuzenean dakar, aldaketarik egin ezean, agintaritzek eraikineko elementu batzuk estaltzeko beste aukerarik ez edukitzea.

Bestalde, plataforma faxistak jakinarazi du Legegintzako Herri-Ekimen bat ere hasiko duela, Erorien Monumentua "nafar guztien ondasun historiko-artistikotzat" jo dezaten. Horretarako, 6.000 sinadura bildu beharko ditu, proposamena Nafarroako Parlamentura irits dadin eta foru-lege bat mahaira atera dezaten. Nafarroako hiriburuko Erorien Monumentua da, Espainiako Estatu mailan, oroigarri frankistarik handiena; eta lehena da hiri-eremu batean.

EZ DAGO IRUZKINIK