AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/09 10:08

Iruñean (Nafarroa), Nafarroako Musika Kontserbatorioko ikasleek hilabeteak daramatzate zentroko hainbat irakaslek egindako eraso matxistak salatzen. Atzo beste protesta bat egin zuten eskolako sarreran, Kontserbatorioko erasoen aurka, antolatu zaitez! lelopean. Zentroko ikasleek "jasan dituzten eta jasaten jarraitzen duten egoerak" gaitzetsi zituzten, martxoan agerraldi baten bidez egin bezala.

"Orain dela lau hilabete elkartu ginen zentroko irakasle batek baino gehiagok egindako hainbat eraso matxista salatzeko", ekarri zuten gogora atzoko elkarretaratzean: "Proposamen sexual esplizituak, komentario matxistak, abusuzko jarrerak bai zentroan baita zentrotik kanpo ere...". Iazko azaroaren bukaeran erasoen berri eman eta protestara jo zutenean, bi irakasle erasotzailek ikasgelak uztea lortu zuten ikasleek, baina behin-behinekoa izan daiteke hori: "Ezin gara lasai egon edozein unetan itzuli daitezkeelako ikasgeletara. Ezin dugu elkarbizi hezkuntza-zentro honetan edo beste edozein zentrotan parte hartu beharko ez luketen erasotzaileekin".

Kontserbatorioko ikasleek, gainera, salatu dute "jazarpen eta mehatxuzko mezuak pairatzen" ari direla gaur egun. Azaldu dute haien "testigantzei zilegitasuna kendu" nahi dietela, baina ez dutela onartuko "salaketa publiko bat egiteagatik" eta "isilik ez geratzeagatik" haiek "kriminalizatzea". Eskatu dute, hala, "fokua" erasotzaileen gain jar dadila.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuari exijitu diote, bestalde, erasoen aurreko prozesuak "azkarrak eta eraginkorrak" izan daitezela eta "biktimak ez daitezela utzi zer gertatuko den ez jakitearen ziurgabetasunean". "Edozein erasoren aurrean ez garela besoak gurutzatuta geratuko erakutsi nahi dugu, ezta eraso horiek egiten dituztenen inpunitatearen aurrean ere", aldarrikatu zuten atzo: "Ezinbestekoa da lanean jardutea hezkuntza-zentroak espazio seguruak izan daitezen ikasle ororentzat, eta hori ikasleon antolaketaren bidez egiten da".

EZ DAGO IRUZKINIK