AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Correo
2024/12/30 08:17

Azken egunetan, bi eraso arrazista ikaragarriren berri eman dute Arrigorriagan (Bizkaia) eta Baionan (Lapurdi). Taldean egindako erasoak izan dira biak: Arrigorriagan jatorri txinatarreko gizonezko baten kontra oldartu dira hainbat gazte, eta Baionan bi emakume beltzen aurka egin dute hainbat gizonek.

Aurreko ostiralean izan zen Arrigorriagako erasoa, gauez. 20 urte inguruko mutil kuadrilla batek izugarrizko jipoia eman zion gizon txinatar bati: hezur-hausturak eragin zizkioten aurpegian, besoan, orkatilean eta gorputzeko beste atal batzuetan. Elikagaiak saltzeko denda bat dauka erasotuak, eta bertan egin zioten eraso gazteek. Itxura denez, ez da erasotzaileak saltokia eramaten duten txinatarren kontra oldartzen diren aurreneko aldia, aurrez ere jazarri baitituzte: plastikoak erre edo lokalari arrautzak eta limoiak jaurti izan dizkiote.

Ostiraleko erasoan, zortzi lagun bertaratu ziren eta, lehenengo, tokiz mugitu zituzten dendako gauzak. Alde egin zuten, baina euren atzetik joan eta izandako jarrera leporatu zien dendariak. Orduan jo zuten bere kontra kuadrillako hiruk: gazteetako batek kolpatu zuen gizona lehenengo, lurrera botaz, eta ostikadak ematen hasi ziren beste biak.

Erasoa gorroto-delitu bat izan ote zen ikertzen ari dira. Erasotzaileetako batek ostiralean bertan aurkeztu zuen bere burua komisarian, eta atxilotu egin zuten; larunbatean deklaratu zuen epailearen aurrean. Badirudi gainerako erasotzaileak ez dituztela atxilotu oraindik. Atzo, igandean, ehunka lagun elkarretaratu ziren Arrigorriagako udaletxe plazan, erasoa gaitzesteko.

Beste eraso bat Baionan, eta protesta bihar

Baionan, gainera, ostegun goizaldean jasan zuten eraso arrazista bat bi emakume beltzek. Ahizpak dira, eta Miarritzetik (Lapurdi) bueltan zihoazen kotxez, haietako batek zigarreta baten muturra bota zuenean ibilgailuko leihotik. Hori hartu zuten aitzakiatzat haien atzetik zihoan auto bateko gizonek, euren kontra jotzeko. Argi luzeak piztu zituzten eta nesken atzetik joan ziren.

Gorriz zegoen semaforo bat egokitu zenean, kotxetik irten zen emakumeetako bat, eta atzetik zeukaten autokoei eskatu zien argi luzeak kentzeko. "Ez dizu lotsarik ematen kutsatzeak?", erantzun zion gidariak, leihotik botatako zigarro-puntari erreferentzia eginez. Bidean aurrera egin zuten bi neskek, baina Baionako BAB bulebarreraino jarraitu zieten aipatutako gizonek, argi luzeak jarrita. Bertan beste semaforo gorri bat aurkitu zutenean, berriz irten zen autotik emakumeetako bat, eta berriz eskatu zien argiak kentzeko. Gidaria ere irten zen ibilgailutik, ordea, eta eraso egin zion.

Negarra eragiteko gasa bota zion begietara, eta irain arrazistak egin zizkion: "Orain zoaz, beltz zikina". Auto berean zihoazen beste bi gizonek, bitartean, ahizpari eraso zioten lurrean. Negar gasa begietan, ahizpa gaztea defendatzen saiatu zen aurrez erasotua izan zen emakumea, baina begitartean kolpatu zuten. Gainera, erasotzaileek kotxeko giltzak kendu zizkieten eta ihes egin zuten, eta ez aurrera ez atzera geratu ziren haiek.

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak protesta batera deitu du biharko, abenduaren 31rako, eraso arrazista salatzeko. Eguerdiko 12:00etan izango da, Baionako Merkatu Plazan. Arrazismoa borrokatzeko deia egin du Kontseilu Sozialistak, eta klase-batasuna aldarrikatu du faxismoaren kontra.

EZ DAGO IRUZKINIK