Gaur arratsaldean, Zizur Nagusian (Iruñerria, Nafarroa) izandako hilketa matxista posible baten berri eman dute hainbat komunikabidek. 78 urteko emakume bat da biktima: itxura denez, arratsaldeko 14:30ak aldera erail du bere senarrak, San Kristobal I kaleko etxebizitza batean.
Diario de Navarra egunkariaren arabera, 85 urteko gizonezkoak berak deitu du Nafarroako larrialdi-zerbitzuetara, esanez "hilik" zeudela bai bera bai bere bikotekidea. Euren etxera bertaratzean, emaztea hilik aurkitu dute agenteek, odolez beterik eta buruan kolpe handi bat zuela.
Zantzu guztien arabera, gorpua ukitu eta manipulatu du senarrak, eta aipatutako hedabidean seinalatu dute "inkoherentea" zela gizonak gertakarien inguruan egindako kontakizuna.
Badirudi alzheimerra pairatzen duela ustezko hiltzaileak. Atxilo eraman dute, ikerketa azkenera eraman bitartean.