Ostegun honetan greba egitera deitu dituzue Hego Euskal Herriko bigarren hezkuntzako, unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasleak, eta ondoko leloa erabili duzue mobilizazio-deialdirako: Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu. Zergatik diozue hezkuntza enpresari handien mende dagoela?
Andere Roman: Hezkuntza sistema, gizarteko beste instituzio askorekin gertatzen den modura, enpresari handien menpe dago, eta euren interesen arabera moldatzen dute. Horri erantzuten diote, adibidez, indarrean sartu dituzten azken hezkuntza erreformek eta, orokorrean, hezkuntzan egiten diren aldaketek.
Enpresen esku-hartzea zeharka (praktiketan, masterretan edo ikerketa-lerroetan duten eragina) nahiz zuzenean (egiten dituzten zuzeneko inbertsioak) ikusten da; enpresariek zuzenean eta zeharka kontrolatzen dute hezkuntza. Enpresa pribatuek, agente espekulatzaileek edota bankuek aho betean finantzatzen dituzte unibertsitateko graduak eta masterrak, milioika euro ordaintuta; eta, noski, horietan eduki oso zehatz bat irakats dadin egiten dute hori. Unibertsitatean martxan jartzen diren ikerketa-lerroak erdi behartzeko edo bideratzeko ere egiten dute hori, eta ohikoa da ikasleek zuzenean enpresentzat ikertzea. Erabatekoa da unibertsitatearen eta enpresen arteko elkarlana.
"Enpresariek hezkuntzan esku hartzen dute euren interesen arabera baina, aldi berean, gaur egun unibertsitateak ezin du haiek gabe eta haien finantzaziorik gabe biziraun"
Unibertsitateen kasuan nabarmena da lotura hori, eta sinbiosi moduko bat gertatzen da: enpresariek hezkuntzan esku hartzen dute euren interesen arabera baina, aldi berean, gaur egun unibertsitateak ezin du haiek gabe eta haien finantzaziorik gabe biziraun.
Berdina gertatzen al da lanbide heziketan?
Aritz Ibañez: Lanbide heziketan ere modu argian ikusten da lotura enpresekin. Are gehiago, modu horretan saltzen da lanbide heziketa: lan-mundura sartzeko modurik onena eta errazena dela esaten dizute. Aurten sartu da indarrean lanbide heziketako plana Hego Euskal Herrian, inolako desadostasun edo aurkaritza handirik gabe, eta aldaketa garbi bat ekarri du horrek: hemendik aurrera, derrigorrezkoa izango da lehen nahiz bigarren ikasturteetan praktikaldiak egitea, eta eredu duala indartu da.
Lehenengo ikasturtetik bigarrenera igarotzeko beharrezkoa izango da, eskolak bukatzean, praktikaldi bat izatea, eta berdin bigarren ikasturtean: lanbide heziketa bukatutzat emateko, hiru hilabetez egon beharko dira praktiketan ikasleak. Eta nik ezagutu dudanagatik, praktikaldi asko eta asko ez dira ordaintzen. Ikasleok doan joaten gara enpresentzako lan egitera, eta hemendik aurrera, gainera, gehiago izango dira egin beharreko doako lan-ordu horiek.
Ikasleen praktiketarako, zentroek aldez aurretik izaten dute enpresa batzuekin kontaktua eginda. Eta, kasu gehienetan, nabarmena da enpresek zentroetan aldez aurretik egindako inbertsioa. Ni Goierrikoa naiz, adibidez, eta oso eskualde industrializatua da. Hango lanbide heziketetan dirua inbertitzen dute inguruko industria-enpresek, zikloak eta zikloetako ikasleak industria horretara bideratzeko. Badirudi, EAEn soilik, aurrerantzean gobernuak 25.000-40.000 enpresarekin egingo dituela akordioak lanbide heziketako zentroetarako.
"EAEn soilik, aurrerantzean gobernuak 25.000-40.000 enpresarekin egingo ditu akordioak lanbide heziketako zentroetarako"
A. R: Unibertsitatean ere badira praktikak enpresetan, eta eredu dualaren indartzea ikusten da zenbait gradutan, zientzietakoetan kasu.
Eta bigarren hezkuntzan ere zuzenean esku hartzen al dute enpresek?
Laia Alduntzin: Esango nuke bigarren hezkuntzan enpresen esku-hartzea ez dela hain argi ikusten, baina irakatsi eta transmititu nahi diren balioek logika bati erantzuten diote. Hezkuntza sistemak gaur egun daukan funtzioa salatzen dugunean, besteak beste, seinalatzen dugu eskolan irakasten digutena bideratuta dagoela: ikasleok, etorkizunean, lan-mundura modu jakin batean eta modu jakin batekoak izanda sartzea lortu nahi dute.
Funtzio diziplinatzaile bat betetzen du hezkuntzak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hasten garenetik sartzen dizkigute buruan zenbait arau, erabat normalak izango bailiran: zazpi orduz klasean eserita egotea, komunera joan ahal izateko izena eman behar izatea edo eskolara berandu iritsi direnen izenekin zerrenda beltzak egitea, adibidez. Arauen araberako jokabide horiek guztiz normalizatzea lortzen dute, eta, gainera, gero eta zorrotzagoak dira.
"Arauen araberako jokabide horiek guztiz normalizatzea lortzen dute, eta, gainera, gero eta zorrotzagoak dira"
A. I: Lanbide heziketan ere ikus daiteke funtzio diziplinatzaile hori. Heziketa zentroak baino, eredu enpresarial batean oinarritutako lan-zentroak dirudite askok, eta diziplinazko arauak ezartzen dira. Klasera joatea derrigorrezkoa da, eta zenbait kasutan ez dago atsedenerako tarterik apenas; batez ere, aldi berean eskoletara eta praktiketara joan behar denean. Horren adibide izan daiteke, sei orduz klaseak izan eta gero, bi edo hiru orduz enpresetara lan egitera joan behar izatea, praktiken barruan.
Enpresen interesek, beharrek edota uneko lehentasunek, hezkuntzako adar ezberdinetan irakasten den edukian eragiteaz gain, beste zer elementu baldintza ditzakete?
A. R: Hezkuntzaren funtzionamendu osoa da elite ekonomikoen araberakoa: arau diziplinatzaileak, eduki bat edo bestea eskaintzea, inbertsio bat edo bestea egitea, jakintza-alor batzuen indartzea eta besteen ahultzea... Logika horrek guztiak, hezkuntza zerbitzua orokorrean gainbeheran egotea ekarri du, baita unibertsitateko gradu batzuk indartzea eta beste batzuk erabat debaluatzea ere, gradu bakoitzera zer eta zenbat baliabide zuzentzen diren baldintzatuta egoteraino. Merkatuko beharren arabera, gradu batzuk errentagarriak baitira enpresen ikuspegitik, eta beste batzuk ez.
"Logika horrek guztiak, hezkuntza zerbitzua orokorrean gainbeheran egotea ekarri du, baita gradu batzuk indartzea eta beste batzuk erabat debaluatzea ere"
A. I: Lanbide heziketan ere nik aurreneko pertsonan ikusi dut nola ziklo batzuetan baliabide materialak eskaintzen zaizkien ikasleei, eta beste batzuetan bat ere ez; ziklo batzuen alde inbertsioak egin direlako eta beste batzuen alde ez. Lanbide heziketa batzuetan, ikasleak dira ikasketa-prozesurako beharrezko materiala erosi behar dutenak, nahiz eta garestiak izan. Erraztasunak ematen dira ziklo batzuetan, eta zailtasunak beste batzuetan.
IAk sarri aldarrikatu du hezkuntza-instituzioak ez direla inola ere gizartetik bakartuta dauden irla batzuk, eta sarri salatu du sektorerik pobreenak, modu progresiboan eta apurka-apurka, hezkuntzatik kanporatuak izaten ari direla.
A. R: Proletalgoa hezkuntza sistematik kanporatua izateko joera indartzen ari da, eta unibertsitatean oso nabarmena da hori. Tasak ordaindu ezin dituenak, beka bat lortu ezin duenak edota, hamaika arrazoi direla-eta, bereziki nota onak ateratzen ez dituen ikasleak, zuzenean, ezin du unibertsitatean ikasi. Eta tasak gero eta garestiagoak dira, eta bekak gero eta eskasagoak.
Gradu bat ikastea lortzen dutenek ere, bukatzean, master bat ordaintzeko zailtasunekin egingo dute topo. Euskal Herriko Unibertsitatean, gutxienez gradu batek balio duenaren bikoitza balio du master batek. Orokorrean, gainera, plaza gutxi izaten dira masterretan, eta unibertsitate pribatuetara jo behar izaten du askok.
Edonork ezin ditu bere gain hartu, bestalde, unibertsitatean ikastearekin loturiko gastu gehigarriak: garraioa, pisuaren alokairua, eguneroko gastuak... Orokorrean garestitzen ari da bizitza, eta gero eta zabalagoak dira hainbat gasturi aurre egin ezin dieten sektoreak. Horrek guztiak ekartzen du unibertsitateak, beharbada, gure gurasoen garaian nahiz beranduago izan duen masa-izaera galtzea, eta nolabait elitizatzea.
"Unibertsitateak, beharbada, gure gurasoen garaian nahiz beranduago izan duen masa-izaera galdu du, eta nolabait elitizatu egin da"
L.A: Bigarren hezkuntzan ere ikusten da hori. Denbora daramagu salatzen nola ikasleen ehuneko oso handi batek jaso behar izaten dituen klase partikularrak ikastetxetik kanpo, eta gastu horri familiek egin behar dioten aurre euren kabuz. Hezkuntzaren kalitatearen gainbeherari lotuta, hainbeste hustu dituzte edukiz eskolak baina, aldi berean, derrigorrezko hainbeste gauza nahi dizkigute landuarazi eta hain denbora gutxian, gero eta handiagoa dela ikastetxetik kanpo klase partikularretara jotzeko beharra.
Orokortua da eskolan ezer ikasten ez dugunaren sentsazioa, baina, aldi berean, hamaika lan-konpetentziatan hezi nahi gaituzte. Lan-erritmo azkarretara eta azterketa sistema zorrotzetara behartzen gaituzte, eta horrek ikasleon osasun mentalean eragiten du oso gaztetatik.
Baina harago ere badoa ikastetxeetako dinamika hori: filtro sozialak dira ikastetxeak. Hezkuntza sistemak modu horretan lortzen du ustez ezaugarri eta baldintza jakin batzuk betetzeko gai ez diren ikasleak lehenbailehen kanporatzea ikasketa-prozesutik. Ikasleak bereizteko eta, beraz, segregaziorako filtro bat da.
Maiz azaldu dituzue, bestalde, lan politikoa egiteagatik ikasleek jasaten dituzuen umiliazioa eta zigorrak.
L. A: Egunez egun ikusten dugu ikasleoi sekulako oztopoak jartzen dizkigutela gure artean antolatzeko; izan hitzaldi bat egiteko espazioen erabilera ukatuta, edo ikasleok greba egitea galarazteko aitzakia posible guztiak jarrita. Greba egitearen alde edo kontra bozkatu ahal izateko derrigorrezko baldintzak asko eta zorrotzak dira, eta betetzeko ia ezinezkoak hainbat kasutan.
"Ikasleoi sekulako oztopoak jartzen dizkigute gure artean antolatzeko; izan hitzaldi bat egiteko espazioen erabilera ukatuta, edo ikasleok greba egitea galarazteko aitzakia posible guztiak jarrita"
Batzuetan, gainera, ikusi dugu irakasleak bertaratzen direla bozkatzera doazen ikasleen ilaretara. Jazarri egiten dituzte, eta greba deialdiaren inguruko galderak egiten dizkiete. Ematen du frogatu nahi dutela ikasleok ez dakigula zergatik egingo dugun greba, gu infantilizatzeko eta barregarri uzteko.
Ikastetxeko ikasle guzti-guztiek greba deialdiaren nondik norakoak zehatz mehatz jakitea "exijitzen" dute; baina, gainera, hori lortu ahal izateko oztopoak jarri besterik ez dute egiten. Ez digute uzten informazioa zabaltzeko klase-pasak egiten, hitzaldiak edo aurkezpenak egiteko trabak jartzen dizkigute, eta gero kritikatu egiten dute ikasleren batek ez baldin badaki euren galdera korapilatsu guztiei erantzuten. Ohikoa da zer edo zer antolatzen dugunean irakasleek galdera mordoa egitea, eta antolatzen garen ikasleok gainerako guztien aurrean umiliatzen saiatzea.
A. I: Lanbide heziketan, zuzenean, greba egiteko eskubiderik ere ez dago batzuetan: praktikaldietan dauden ikasleek ez daukate greba egiteko eskubiderik. Zentro askotan propaganda egitea debekatzen da, bai eta bilerak egitea ere.
Ohiko irudi bat bihurtu da unibertsitatean: askotariko polizia-indarrak lasai baino lasaiago sartzen dira campusetara, eta lan politikoan ari diren ikasleak jazartzen dituzte.
A. R: Unibertsitatean egunerokoa eta itogarria da seguraten presentzia. Askotan kentzen da ikasleok jarritako propaganda politikoa, eta segituan deitzen diete ertzainei, esku har dezaten. Aurreko astean bertan ikasle bat atxilotu zuten EHUren Gasteizko campusean eta lau ikasle identifikatu zituzten Ibaetan, propaganda politikoa egiteagatik.
Normalizatuta dago Ertzaintza edota udaltzainak inpunitate osoz unibertsitatera sartzea, horrek historikoki dakarrenarekin: nolabait sakratua izan da unibertsitatea zentzu horretan. Gaur egun, ordea, aipatu ditudan kasuak ez dira salbuespen bat, eta ez dute erakusten une honetako errektoretzak ez dakiela nola kudeatu "neska-mutikoen txikikeriak". Lan politikoaren kontrako halako erasoek enpresarien eta politikarien menpeko hezkuntza eredu bati erantzuten diote, eta honakoa esan nahi dute: modu independentean antolatzen direnak ez dira lasai ibiliko. Jazarri egingo dituzte: seguratak ez bada, hark hots egitean minutu batera etorriko den ertzainak egingo du; edo fakultateko idazkari autoritarioak zein dekanoak.
"Lan politikoaren kontrako erasoek enpresarien eta politikarien menpeko hezkuntza eredu bati erantzuten diote, eta honakoa esan nahi dute: modu independentean antolatzen direnak ez dira lasai ibiliko"
Zergatik da garrantzitsua mobilizatzea eta ostegun honetan ikasleak grebara batzea?
A. R: Bizi- eta, orokorrean, ikas-baldintzak okerrera doaz. Ikastea gero eta zailagoa da, ikastea lortzen dutenek oso baldintza txarrak dituzte eta, ikasita ere, oso ziurgabea eta beltza da zain dugun etorkizuna. Baina, horren aurrean, uste dugu badagoela marjina aldarrikapenak egiteko eta horien alde borroka egiteko. Horretarako beharrezkoa da jendea antolatzea; ikasleria antolatzea. Eta gero eta baldintza hobeak lortu ahal izateko, bestelako baldintza batzuk sortu behar ditugu aurretik.
L. A: Ostegun honetako greba aukera on bat da antolatzeko beharra aldarrikatzeko. Erabat bakartuta nahi gaituzte ikasleok, baina, antolatuz gero, benetan alda daitezke gauzak. Gehiegikeria guztiei aurre egingo dien ikasle antolakuntza bat indartzen saiatu behar gara, eta erakutsi behar dugu bizitzen eta jasaten ari garen hainbat arazo ez direla ausazkoak edo "normalak". Kalera atera behar gara, hezkuntza sistemaren desegitearen aurka eta enpresari handien menpeko eredu miserable honen aurka.
"Ez dugu uste grebarekin zerbait hasiko denik, edo zerbait amaituko denik. Baina aurrerapausoak eman behar ditugu ikasle langileon antolakuntza politikoan"
A. R: Guretzat, greba bitarteko bat da hezkuntza eredu sozialista eraikitzeko bidean. Ez dugu uste grebarekin zerbait hasiko denik, edo zerbait amaituko denik. Baina aurrerapausoak eman behar ditugu ikasle langileon antolakuntza politikoan, hezkuntza sistema kapitalistari aurre egin ahal izateko, eta guztion interesa gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik jarriko duen hezkuntza sistema bat eraiki ahal izateko; doakoa eta unibertsala.