AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / José Carmona/Diario Público
2024/10/09 20:22

Mendebaldeko Saharako lur okupatuetan urrea bilatzeko ikerketa geologiko bat egin zuen Marokok, 2002tik 2006ra bitartean. Mineralak aurkitu zituen bertan, eta urre-erreserba handiak topatu zituen hainbat lekutan. Besteak beste, Graret Lafuila, Zamlat al-Shinah, Gleibat Al-Fula eta Imtalan aurkitu zituen erreserbak Marokoko Estatuak, eta horietako askok mineral preziatuak pilatzen dituzte.

Erreserba berriak bilatzen ari da orain Mendebaldeko Sahara hegoaldean, ECSaharaui atariak jakinarazi duenez. Kanadako enpresa batek, Metalex Venturesek hain zuzen, urre-arrastoak aurkitu ditu Tichla inguruko 28 tokitan, baita Auserdeko beste hamar lekutan ere. Marokoko Armada lur okupatu horietan ibili da azkenaldian, eta bertan egokitu da.

Antza denez, enpresa bat ere hasi da Tichla inguruan urre-arrastoen azterketa-lanak egiten, baina sekretupean. Badirudi Malitik zetorrela enpresa hori, baina bere izena eta logoak ezkutatu dituela bere ibilgailuetan. Marokoko Gobernuaren dokumentuak arakatu odoren, baina, ondorioztatu dute Israelgo Estatuko enpresa bat dela.

Estatu sionistako militarrak Saharan

2020ko abenduan normalizatu zituzten harremanak Marokok eta Israelgo Estatuak eta, une horretatik aurrera, militar sionisten presentzia handitu egin da Mendebaldeko Saharan. Entrenatzaileak, irakasle militarrak edota teknikoak bertaratu dira. Halaber, SPYDER misilak edota Barak sistema erosi ditu Marokok, eta Fos Bucraan ditu horiek.

ECSaharaui-k salatu duenez, estatu sionistak "instalazio militar bat eraiki du El Guerguerat mendebaldean", eta Marokoko Armada ere instalazioak eraikitzen ari da bertan. Hori ez ezik, Bluebird enpresa sionista Marokon armak egiten hasi da. Zehazki, ThunderB eta WonderB dronak egiten dituzte, eta arma horiek Mendebaldeko Saharan probatzen dituzte. SpyX dron suizidak ere topatu dituzte Mendebaldeko Sahara iparraldean, eta horiek ere Marokon ekoizten dira.

EZ DAGO IRUZKINIK