Irmoa da jada: Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak berehala kartzelaratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, 13/13 auzian ezarritako kondenak bete ditzaten. Auzitegi Nazionalak berak 2022an jarri zion zazpi urteko espetxe-zigorra Zuluetari eta lau urtekoa Enparantzari, eta horiek berretsi zituen Gorenak aurreko hilean.
Urtarrilaren 28an igorritako autoan, hamar eguneko epea ematen zaie biei kartzelan aurkeztu daitezen. Haiek joaten ez badira, atxilotzeko agindua sartuko dute indarrean. Euskadi Irratiaren arabera, dena den, ez Zuluetak ez Enparantzak ez dute jaso oraindik espetxeratze-jakinarazpenik.
2010ean atxilotu zituzten hainbat abokaturen aurkako operazioan, eta 13/13 prozesuaren barruan kondenatu zituzten haietatik lau, "erakunde terroristako" kide izatea leporatuta: Enparantzaz eta Zuluetaz gain ("helburu terroristekin" armak eta lehergailuak gordetzea eta ETAren ustezko "fronte juridikoa" gidatzea ere egotzi zioten azken horri), Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi zigortu zituzten.
Duela gutxi, ordea, Zuriarrainen eta Sarriegiren helegiteak onartu ditu Gorenak, argudiatuta "larriagotasun txikiagoa" duela haien erantzukizunak, eta ez dituzte kartzelaratuko. Zuluetaren eta Enparantzaren aurkako kondenak, ordea, ontzat eman ditu Gorenak, eta sententzia irmoa da beraz: espetxera bidaliko dituzte.
13/13 sumarioko epaiketan, 2010eko atxiloaldian Guardia Zibilak egindako torturak salatu zituen Zuriarrainek. Azken ebazpenean aipatzen du hori Gorenak, baina inolako aitortzarik egin gabe.